Duela hainbat urte, zazpi hain zuzen ere, gure udalerriko herri txiki batera bizitzera etortzea erabaki nuen. 50 biztanleko herri batean bizi naiz ordutik. Ez zen gehiegi pentsatutako erabakia. Lagun batzuk bertakoak ziren, beste batzuk bertakoak izan gabe ere bertan bizi ziren, eta bertan bizi zirenetako batek alokairuan zuen etxea utzi behar zuen beste leku batera joateko, ez urrutiegi. Etxea hutsik gelditzen zen, alokairua zentzuzkoa zen, eta etxea ondo zegoen. Ugazabarekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen, eta horrela bukatu nuen nik hemen.
Gertuko jendeak badaki zenbat estimatzen dudan etxe hau eta herri hau. Familia bat topatu dut hemen, eta etxeak goxo hartu nau, mundutik at egon nahi dudan tarteetarako, gero eta gehiago direla.
Etxe honek baditu bere alde txarrak: hotza da, hezetasuna dauka eta oso iluna da. Bere alde ederrak ere bai, noski. Tartean, ordaintzen dudan alokairuak bakarrik bizitzeko askatasuna ematen didala, eta hori, gaur egungo egoeran, luxu bat omen da.
Herri txikia izanagatik, herrian ez dago etxe askorik, bizitza askorik ere ez. Despopulatutako herria da gurea, inguruan herri handiagoak baditugu ere, baina asteak eman ditzakezu inor ikusi gabe hemen.
Murgia gertu dugu, baita Sarria, Gorbeia... Gasteiz eta Bilbo ere gertu xamar, eta beraz, modan dagoen herria da gurea. Errenta altuko jendea bizi da bertan etxebizitzarako sarbidea bermatua duena, prezio garestiagoak ordain ditzakeena...
Murgian 1.650 euro eskatu dituzte aste honetan alokairu batengatik; diru hori eskatu eta tratua itxi. Norbait prest agertu da 1.650 euro horiek ordaintzeko. Barren-barrenean mina sentitu dut. Gure herrira 1.650 euro ordaindu dezakeen jendea dator, egunero, eta bertan jaiotakoak eta halako gaitasunik ez dutenak herria uztera kondenatuta daude. Eguneroko ogia da guretzat.
Donostiako alkate ohi Eneko Goiak esan zuen behin "exkisitoen" kontua zela zure auzoan bertan zahartu nahi izatea. Ba gu exkisitoak izango gara, agian, baina hemen bizi nahi dugu.
Azaroaren 11n hori aldarrikatuko dugu.
Oier Azkarraga.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.