Duela urte batzuk Aguraingo Lautada Ikastolan, Haur Hezkuntzan, eraldaketa prozesu bat hasi zen, Ikastolen Elkartearen hIZAN proiektuaren ezarpenarekin amaitu zena. Proiektua behar bezala gauzatzeko, ezinbestekoa ikusi zen 2024ko udan espazioak berritzea, espazioa metodologia berrira egokitzeko. Ikasturte hau aurrera doan heinean, berrikuntza hauen abantailak gero eta nabarmenagoak direla antzematen ari dira.
Metodologia horri eutsita garaturiko proiektuari izen berri bat eman nahi izan diote: Hazi (A): "Bere garapenaren protagonista den haurra". Bide honetatik, ikastolako espazio berriak, irekiak eta haurraren garapenera egokituak dira, adin desberdinetako haurrak nahastuz haien ikaskuntza-prozesua ahalbidetzeko. Honek, haurrak bere garapen kognitiboa jolasten, esploratzen eta esperimentatzen burutzea ahalbidetzen du. Horretarako, espazio egokituak eta askotariko materialak eskaintzen dira. Horrez gain, garrantzi berezia du haur bakoitzaren ongizateak, garapen emozionala landuz eta komunikazioan oinarritutako harremanak sustatuz.
Honekin guztiarekin, proiektuaren helburua betetzen da, haurra bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista izatea, alegia. Eta prozesu horretan, bere interes eta beharretatik abiatuta ikastola zein familia topatuko ditu bidelagun. Izan ere, Lautada Ikastola hezkuntza-familia bat da, sinesten baitute irakasle eta gurasoen arteko harreman estuarekin soilik lor daitezkeela haurraren zoriona eta garapen integrala. Beharrezkoa ikusten dute beraz, ikastola familia bakoitzaren beharretara egokitzea, elkarlanean aritu ahal izateko. Elkarlan horren eredu garbia auzolanak, ikastolek propio duten ezaugarria, proiektua gauzatzeko ezinbestekoa izan zela diote, baina baita hezkuntza-familia sustatzeko ere oso baliagarria den tresna dela.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.