Inauteriei agurra egiteko, Lautada Ikastolan HH eta LHko umeek Lardero Eguna ospatu zuten atzo. HHn indioak, sorginak eta Miel Otxin pertsonaiak ikusteko aukera izan zen; LHn, berriz, aurtengo gaia lanbideak izanik, margolariak, medikuak, zerbitzariak, mekanikariak, suhiltzaileak, astronautak... izan ziren atzo Agurainen.
Ospakizuna 15:00etan hasi zen ikastolan. Patioa kolorez eta alaitasunez betez, dantzekin eman zioten hasiera jaiari. Jarraian, makilak eskutan, kalejira egin zuten herrian zehar, Aguraingo kaleak eta plazak kolorez, musikaz eta dantzaz betez. Nola ez, plazetan dantzatzeaz gain, Lardero Agurainen kanta ere abestu zuten.
Lardero Egunari amaiera ezin hobea eman zioten ikastolan, gurasoekin batera, txokolatadarekin eta jolasekin. Ederra egindako jaia!