Urtero bezala, Lautada Ikastolako komunitate osoak Euskararen Eguna ospatu du. Aurten ospakizun berezia izan da; izan ere, abenduaren 3a igandea izanik, ostiralean eta astelehenean ekintza bereziak antolatu dituzte euskararen erabilera aldarrikatzeko.
Alde batetik, DBHko ikasleek Aguraingo Harresi aretora joan ziren ostiralean, Udaberri azidoa antzerkia ikustera. Astelehenean, aldiz, euskararen erabileraren aldeko konpromisoa adierazi eta gero, jolasak antolatu zituzten euskara beste esparru batzuetan lantzeko.
Bestetik, HH eta LHkoak astelehenean buru belarri ibili ziren Euskararen Eguna ospatzen, eta Argitxoren abestiarekin konpromisoa landu zuten. Jarraian, txikienek Ekain-Txou pailazoaren ikuskizunaz gozatu zuten kiroldegian, eta besteek Lur antzerkiaz gozatu zuten Harresi aretoan. Eguna amaitzeko, konpromisoaren trukean gurasoek egindako txistorra zein gazta pintxoa jateko aukera izan zuten ikasleek, eta horma-irudia osatu zuten denen artean. "Ederki pasa genuen!", adierazi dute ikastolako kideek.