LH Duala euskaraz

Ane Lopez de Luzuriaga, Oreka IT enpresan. Argazkia: Ciudad Jardin LHII

Ane Lopez de Luzuriaga ikasleak Marketin eta Publizitateko goi mailako zikloa euskaraz egin du, eta Oreka IT enpresan Dual formakuntza ere euskaraz jaso du. Bertan izandako esperientzia kontatu digu.

Turismoko Gradua amaitu ondoren, bere prestakuntza Marketin eta Publizitateko goi mailako zikloarekin osatzea erabaki zuen. Gurekin lehen urte bat eman ondoren, euskarazko Dual formakuntzaz interesatu zen, Oreka Information Technologies enpresan garatzen ari dena.

Lanbide Heziketa Dualak aukera ematen du prestakuntza jasotzeko eta, aldi berean, lan esperientzia izateko; hala ere, aukera hori ez da oso ezaguna matrikulatzeko orduan.

Zerbait entzuna zuen industria sektoreetako Dual prestakuntzari buruz, baina ez zuen argi marketinean aukera hori izango ote zuen. "Ikasle ohiekin izandako hitzaldi eta topaketen bidez, Dual programaren esperientziak ezagutu nituen, guztiak positiboak", azaldu du Lopez de Luzuriagak.

"Soldatapeko praktikak marketinera bideratutako prestakuntzarekin uztartzeko posibilitatea oso erakargarria da. Soldata garrantzitsuena ez den arren, beste pizgarri bat da. Nire motibazio nagusia Dualak lan munduan sartzeko ematen duen erraztasun handia izan zen, bai eta esperientzia irabaztea ere", gaineratu du.

Ane prestakuntza hori egin duten Ciudad Jardineko 25 ikasleetako bat izan da. Dual prestakuntza planean parte hartzeko aukerak bere ikaskuntza bizkortzeko aukera eman dio. "Programak aukera eman dit nire ikasketak amaitzeko eta Oreka IT enpresa teknologikoan urtebeteko esperientziarekin osatzeko. Gainera, marketinaren eta publizitatearen esparruko lan merkatuan sartzeko balio izan dit".

Horrez gain, irakasleen laguntza eta Oreka ITn izan duen tutoreen irakaskuntza funtsezkoak izan direla uste du. "Horrela, lantaldeetara eta enpresaren dinamikara azkar egokitu naiz. Nahiz eta egun batzuetan gogorra den ikasketak eta lana uztartzea, irakasleekiko harremanak eta gainerako lankideek enpresan izandako harrerak taldeko beste kide bat bezala sentiarazi naute", gaineratu du. "Ikasleak programa hau egitera animatzen ditut, bultzada profesional handia baita, erabateko prestakuntza bilatzen du eta lan munduan azkar barruratzeko helburua du".

ALEAren komunitateko kide izanda, albisteak, argazkiak, hitzorduak eta bestelako edukiak zuzenean partekatu ahal dituzte Ciudad Jardin LHII ikastetxeko kideek. Zure ikastetxea ALEAkide izatea nahi duzu? Informazio gehiago hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago