Iritzia

LGTBIQ+fobia irauli!

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana 'Txiki' eta June Torrealdai Garate - STEILAS sindikatua 2023ko eka. 23a, 18:00

Ekainaren 28ko manifestazioa, 2020an. ALEA

"Datozen hauteskundeetan, eskuinak eta ultraeskuinak lurralde askotan irabazteko aukerak dituzte, eta hori gertatzen denean LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotoa areagotzen da".

Gure herriko kaleetan LGTBIQ+ lehenengo manifestazioa egon zenetik 45 urte pasa dira. 1978. urtean dena lortzeko zegoen, eta lortuko zen ilusioarekin atera ziren kalera. Garai horretan "alfer eta gaizkileen legea" indarrean zegoen arren, kalera atera ziren, beldurra aldarrikapen eta borroka bilakatuz. Urteak joan urteak etorri, pixkanaka-pixkanaka eskubideak lortzen hasi ziren, hurrengo belaunaldietako LGTBIQ+ pertsonen bizitzak ikusgarriagoak bihurtuz.

Zenbat aldiz entzun behar izan dugu: "Bueno, eta orain zer gehiago nahi duzue? Ez duzue nahikoa ala?"

Bidea ez da erraza, eta bidean Estatuak hetero-kapitalismoaren arauetara egokitu litezkeen aldarrikapenak bereganatu ditu, normalizaziorako bidean egokiak izango ziren legeak onartuz. Dena den, egiari zor, lege hauek pertsona askoren bizitzak hobetu ditu, baina ezin dugu ahaztu ere, lege ausartagoak proposatu direnean sortu duten eta sortzen ari diren zalaparta itzela.

Azken urteetan kapitalismoak (edo gay-kapitalismoak hobeto esanda) gure aldarrikapenak bere mesedetan erabili ditu, eta, horrekin batera, jendartean dena lortuta dagoen sentsazio faltsua saldu du, borrokaren desmobilizazio batera eraman nahian. Zenbat aldiz entzun behar izan dugu: "Bueno, eta orain zer gehiago nahi duzue? Ez duzue nahikoa ala?".

Horren aurrean ahots disidenteak egon dira; urtez urte hetero-kapitalismoari men egiteak izan zitzakeen arriskuak behin eta berriro esan dutenak, jakinda sistemak ez digula ezer oparituko bere mesedetan ez bada, eta kapitalismoan pertsonek bizitzerik ez dutela, munstroa elikatzeko ez bada.

Aurrerapausoak egon dira; batzuentzat azkar izan badira ere, beste batzuentzat berandu heldu dira. Baina egia da askeago bizi garen sentsazioa zabalduta dagoela gazte askoren artean, eta hori lorpen izugarria dela ukaezina da.

"Aurrerapausoak egon dira; batzuentzat azkar izan badira ere, beste batzuentzat berandu heldu dira"

2023. urtean gaude, eta kaleak betetzen jarraituko dugu. Argi daukagu gero eta gehiago zabaltzen ari dela LGTBIQ+ taldeek urtez urte bidali dugun mezua: "Nekez lortutako eskubideak azkar gal ditzakegu".

Datozen hauteskundeetan, eskuinak eta ultraeskuinak lurralde askotan irabazteko aukerak dituzte, eta hori gertatzen denean LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotoa areagotzen da. Hortaz, ez dakigu zein testuinguruan hasiko dugun ikasturtea.

Bitartean, ekainaren 28ko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, eta ondoren, aske izan oporretan, aske izatea daukagun aldarrikapen indartsuena baita.

Sinatzaileak: Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana 'Txiki' eta June Torrealdai Garate - STEILAS sindikatua

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago