Armentia Ikastola, mugikorrik gabeko gunea

Erabiltzailearen aurpegia Armentia Ikastola 2024ko ira. 23a, 12:21

Irailaren 9tik ezin da erabili ikastolako eremuetan. Ikasleak helburu izanik, helduok eredu izan nahi dugu neurri honen bidez, eta pribatutasuna zaindu.

Denbora luze daramagu mugikorren erabileraren aurrean konpromisoak hartzeko bidean. Kezkaz bizi dugu horrekin gaur egun gertatzen ari dena, eta ikastolan hainbat neurri hartu izan badira ere, garrantzitsua ikusten dugu gure ikasleen eredu garen helduok antzeko bizikidetza-neurri batzuk izatea. Izan ere, gai honen garrantzia transmititu ahal izateko, ezinbestekoa ikusten dugu geure buruei irizpide berdinak ezartzea.

Era berean, gure kezkaren zamari beste kontu bat gehitzen zaio: ikus-entzunezkoen hedapena. Gaur egun edozein unetan edozein umeri argazkiak edo bideoak ateratzeko ohitura barneratu dugu, bertan agertzen diren pertsonen baimena kontuan hartu gabe.

Hori guztia dela eta, Armentia Ikastolan Mugikorrik gabeko gunea kanpaina abian jarri dugu hasi berri den ikasturte honetan. Honen bidez, buruz buruko harremana indartu nahi dugu, geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari baita ikastola barruan eta inguruan gaudela gure sakelako telefonoa gainean eramatea eta erabiltzea, inguruko pertsonekin harremandu beharrean.

Horrez gain, lehen komentatu bezala, gehiegi errepikatzen ari den irudia ikusten ari gara familia artean: haurren ikuskizunak, ekitaldiak eta mota horretako hitzorduak telefonoarekin grabatzea, zuzenekoaz disfrutatu beharrean, eta gainerako adin txikikoen pribatutasuna arriskuan jarriz. Ekimen honen bidez, egoera horretan helduok dugun ardura azpimarratu nahi dugu, gure esku baitago hori guztia zaintzea.

Hala, irailaren 9tik ez ikasleek ez langileek ezin dute ikastolako eremuetan mugikorrik erabili, erabilera pedagogikorako ez bada.

Kanpainaren lehen urratsak mugikorren erabilerarako dekalogoa familia eta langileekin zabaltzea eta laister ikastolaren inguruetan ikusgai izango diren seinale identifikagarriak jartzea izan dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago