Maiatzak elkartasunez tindatu du aurten Armentia Ikastola. Izan ere, LH eta DBHko ikasleek, bakoitza bere aldetik, baina helburu berarekin, ekintza bana antolatu dute datozen egunetarako, Elikagaien Bankuarekin batera.
Alde batetik, LH6koek herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen arteko bizi baldintza ezberdinak ezagutu eta ikerketa egin dute bigarren hiruhilekoan. Urtero errepikatzen duten ekimena da, eta aurten helburu horrekin jarraitzeko asmoz, Azoka Solidarioa izan zen ikastolan pasa den astean. Jasotako dirua Elikagaien Bankura bideratuko dute aurten.
Bestalde, DBH1en, Elikagaien Bankuko proiektu komunitarioen barne, elikagaien bilketa antolatuko dute. Maiatzaren 24an (16:30) eta 25ean (12:10) izango da, eta dena biltzeko kutxak jarriko dituzte ikastolako sarreran. Erakundea astebete beranduago, maiatzaren 31n, ikastolara etorriko da kutxak jasotzeko.
ALEAren komunitateko kide izanda, albisteak, argazkiak, hitzorduak eta bestelako edukiak zuzenean partekatu ahal dituzte Armentia Ikastolako kideek. Zure ikastetxea ALEAkide izatea nahi duzu? Informazio gehiago hemen.