Mari Domingi, asmazio hutsa?

Mari Domingi, aurreko urteko kalejiran. ALEA

Txiki, berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean banatzen dituzte opariak. 

Egun batzuk barru Olentzaro eta Mari Domingi etorriko dira. Gure eguberrietako pertsonaia hauen harira, oroitzen dut, interneten argitaratu nuen bideo batean iruzkin hau idatzi zidala iaz AmaPola deituriko erabiltzaile batek: "Mari Domingi inongo tradiziotik ez datorren asmakizuna da. Olentzeroren tradizioak Nafarroako Lesakan du jatorria eta bertakoa da. Olentzero mendian ikatza egiten bizi da eta bakarrik dago emakumerik gabe. Aski da tradizioak desitxuratzeaz!".

Egia da Mari Domingik ez daramala denbora asko gurekin izaki mitologiko bezala. Joan zen mendeko 90. hamarkadan, Eguberriko kanta herrikoi batean aipatzen zen emakume izen bat pertsonaia bihurtu zuten, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna aldarrikatu nahian. 

Mari Domingik ibilbide laburragoa izan arren, bere inguruan errelato bat sortu du

Olentzarok tradizio luzeagoa du eta ez dakigu ziur non duen jatorria, baina ez da beti izan gaur egun ezagutzen dugun bezalakoa. Arreta jartzen badugu, Olentzaro hitzaren azken partikula garai bat izendatzeko modua dela ohar gaitezke. Ziurrenik, antzinan, neguko solstizioaren garaia adierazteko erabiliko zuten. Euskal Herriko zenbait lekutan, Gabonetan sutondoan erretzen zen enbor bati izen berezi bat ematen zitzaion: Olentzero-enbor Oiartzunen, Gabon-subil Antzuolan, Onontzaro-mokor Larraunen, Gabon-subil Abadiñon, Gabon Tresponden, eta abar. Ikusten da Olentzaro eta Gabon eguna parekotzat hartzen zirela. 

Ez dakigu ziur noiz, baina Eguberri eguna izendatzeko modua pertsonaia batean bilakatu zen, eta tokian tokiko ezaugarriak hartu zituen. Gipuzkoako eta Nafarroan iparraldean, mendian txabola batean bizi zen ikazkin xelebrea zen Olentzaro eta Gabon gauean, etxekoak oheratutakoan, tximinitik sartzen zen sutondoan epeltzera. Beste leku batzuetan ikara ematen zuen izaki mitologikoa zen: Elduainen tximinitik sartzean hau garbia ez bazegoen etxekoak igitaiaz akabatzen zituen  edo Berrioplanon urteak dituen egunak beste begi zituen pertsonaia beldurgarria zen.

XX. mendeko 70. hamarkadan Olentzero opariak ekartzen hasi zen euskal etxeetara. Papa Noel-en eginkizuna zuen euskal pertsonaia baten beharra ikusiko zen, eta Gabon gauean etortzen zen pertsonaia Olentzero zenez, beronek hartu zuen zeregin hori.
Beraz, Olentzarok historia luzea duela ikus dezakegu, eta garaian garaiko moldaerekin bilakaera aldakorra izan duela.

Ez dakigu ziur noiz, baina eguberri eguna izendatzeko modua pertsonaia bilakatu zen

Mari Domingik ibilbide laburragoa izan arren, bere inguruan errelato bat sortu da eta, gaur egun, Euskal Herriko umeentzat Gabon gauean, Olentzarorekin batera, opariak banatzera etxez-etxe joaten den pertsonaia mitologiko magikoa da. Mendian txabola batean bizi da, lanbidez artzaina da, basoko landare eta izakiak ongi ezagutzen ditu eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Umeak asko maite dituen emakume zintzo eta maitagarria da,  eta gaur egungo haurrek beregan sinesten dute.

Arranopola AmaPola, ez izan hain sinesgogorra! Jakin ezazu mitoak gizakiek sortzen eta aldatzen dituztela, garaian garaiko premia eta gizarte motaren arabera. Mari Domingirekin horrelaxe gertatu da, eta euskal tradizioaren barne dugu dagoeneko.

Txiki, berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean banatzen dituzte opariak.

Koldo Alijostes.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago