gau beltza

Gau Beltza, gau ikaragarria!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alijostes Bordagarai 2022ko urr. 31a, 06:00

Antzina, maiatzaren 13an ospatzen zen hildakoen omenezko jai hau, baina IX. mendean Gregorio IV Aita Santuak azaroaren lehenera aldatu zuen.

Heriotzak gizakiari aspalditik kezka piztu izan dio eta, munduko kultura gehienetan, bere inguruko erritualak sortu izan dira. Euskal Herrian, antzinako heriotz-tradizioek makina bat monumetu hilezkor sortu ditu gure haran eta gailurretan: trikuharriak, mairu-baratzeak, menhirrak, etabar. 

Berriagoa dugu Santu Guztien Eguna, hildako santuen eta zerura joandako fededun guztien omenez azaroaren 1ean ospatzen dena. Bezperan Arimen Gaua izaten da eta biharamunean Animen Eguna, purgatorioan dauden arimen aldeko oroipena.

Arimen Gaua Gau Beltza bilakatu da eta, eragin erlijiosoetatik aldenduz, ondo pasatzeko eta parrandarako "beldur" gaua dugu orain.

Antzina, maiatzaren 13an ospatzen zen hildakoen omenezko jai hau, baina IX. mendean Gregorio IV Aita Santuak azaroaren lehenera aldatu zuen. Britainiar kulturan aurreko egunari All Hallow's Eve, Santu Guztien bezpera, deitzen zitzaion eta denborarekin Halloween bihurtu zen.

Baina, ospakizun hauek badituzte aurrekari zaharragoak ere. Europan hain garrantzitsua izan zen zeltiar kulturan Samhainn jai garrantzitsua ospatzen zen urriaren amaierako gauean. Udazkeneko ekinozioaren eta neguko solstizioaren arteko erdi-puntutik hurbilen zegoen ilargi betean izaten zen. Uzta-denboraldiaren amaiera eta neguaren hasiera markatzen zuen ospakizunak. Alegia, zeltentzat bi urtaro besterik ez zeuden: negua eta uda. Neguaren hasiera, iluntasunaren garaia, urte berrira sarrera, beste mundurako atea eta hildakoen eguna zen beraientzat.
Zeltiarrak Kristo Aurreko 600. urterako bagenituen gure lurretan eta, seguru aski, beraiek ekarri zuten ohitura hau. Baina, erlijio katolikoak, Eguberri edo San Juan egunekin egin zuen bezalaxe, aspalditik herrian sustraituta zegoen ospakizun paganoa bereganatzeko asmoz azaroaren 1ean ezarri zuen Santu Guztien Eguna.

Euskaldunok mende askoan izan gara kristau fededun zintzo, eta Arimen Gaua eta Eguna saminez ospatu izan ditugu. Santuak ez ezik hildako senitartekoak oroitzeko egunak izan dira gurean. Elizkizunetara joan eta lorez apaintzen ziren hilerriak. Errespetu handiz bizitzen zen ospakizuna, eta gau partean beldurra ere sumatzen zen hildakoen arimak ager zitezkeelakoan. 

Gazteak eskean ateratzen ziren, eta gaztain jateak ere egiten zituzten festa giroan

Fede giro horrez aparte bazeuden beste jokabide batzuk, jaia eta txantxarenak. Gizonezkoek taberna zuloetan zurruta egiteko aprobetxatzen omen zuten bezperako gaua, hurrengo egunean jai zutela eta. Gazteak eskean ateratzen ziren, eta gaztain jateak ere egiten zituzten festa giroan. Baina bazen beste ohitura aipagarri bat ere: hildakoen arimak gauez agertzen ziren sinesmena zegoenez, beldurra eragiteko adarra jotzearena. Gazteak etxean topatzen zituzten arropa zahar, trapu eta maindireak jantzita ateratzen ziren eta kale ertze ilunetan (orduan ez zen gaurko argiztapenik), giza-buru itxurako kalabaza hustuak kandelekin argiztatzen zituzten, edozein izutzeko moduko ikuskizunak sortuz.  
Hara nola diren gauzak, XX. mendearen amaieran Ameriketako Estatu Batuetako Halloween jaiaren ohiturak hemen sartzen hasi ziren, eta berarekin kalabaza argiztatuak jartzea eta mozorrotuta eskean ateratzearena. Euskal Herrian jada erdi galdua zegoen tradizioaren antzekoa atzerritik zetorkigun, eta kanpotik datorrena beti hobea izaten denez… arrakasta izan zuen gurean. Fede kontuak eta tradizio zaharrak gainbeheran ziren eta film amerikarrek sortzen zuten lilurak eragin handia zuen guregan.

Ingeles kulturaren tradizio hau dagoeneko barneratu da gizartean. Denda eta tabernek ere arin heldu diote jai komertzial horri eta interesez bultzatu dute. Gaur egun, ohikoa da Arimen Gauean Halloweeneko mozorroekin jantzita ume eta gazte taldeak gure kaleetan ikustea.

Baina tradizio berri bat pizten ari da. Kanpotar ohiturei aurre egin eta gureak suspertu nahian, han eta hemen, Gau Beltzak sortzen ari dira. Gasteizen, Mutrikun, Oreretan, Aretxabaletan, Arrasaten, Ondarroan, Bergaran, Baiona, Oiartzunen eta beste leku askotan ospatzen da jada. Arimen Gaua Gau Beltza bilakatu da eta, eragin erlijiosoetatik aldenduz, ondo pasatzeko eta parrandarako "beldur" gaua dugu orain. Gizartea aldatzen doan neurrian, tradizioak ere bilakatzen edo berriak sortzen doaz. Honako hau historiaurrean sortua, gero erlijio katolikoak bereganatua, ondoren eragin amerikarrek kutsatua eta orain zaharberritua. Ez dago betiko edo betirako tradiziorik. Ibili hala, eta bidean, garaiko egoeraren arabera ohiturak finkatzen dira eta tradizio bihurtu.

Kalabaza argiztatuak hartu, arropa zaharrekin jantzi, emaiozu itxura beldurgarria zure buruari eta atera kalera! Eta euskal usadio bat zaharberritu nahi badugu, euskara hitzetik hortzera dugula egitea ezinbestekoa da. Izan dadila euskararen beste topagune bat, Euskal Herriko edozein auzo, hiri edo herritan!

Nola antolatu Gau Beltza?

Badakit hainbat elkarte, ikastetxe eta kuadrilla gau ikaragarri hau antolatu nahian zabiltzatela. Euskaltzaleen Topaguneak, jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, ospakizun hau sustatzeko asmoz webgune interesgarri bat sortu du: gaubeltza.eus. Hor aurki dezakezu jaia antolatzeko behar duzun guztia: zer den, nondik datorren, nola antolatu, nola jantzi, nola makilatu... 
Anima zaitezte eta antolatu euskaraz bizitzeko gau ikaragarri bat! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago