Nagusiki, hiru bulkada mota egoten dira hauteskundeetan boza emateko: lehenengoa, alderdi batekiko fideltasuna edo lotura. Halakoek, zer gerta ere, boza bera erabakita dute betiko. Horiek ez dira izango 2019an jokamoldez aldatu direnak.
Bozaz aldatzearen beste arrazoi bat zerbaiten defentsa da, batetik, edo zerbaiti aurre egitea, bestetik.
Litekeena da, hirukote eskuindarraren beldurrez, ideal demokratikoen defentsa izatea arabar batzuen portaera aldatu izanaren motiboa, abstentzionistak aktibatuz edo PPtik nagusiki PSEra eta EAJra bideratuz.
Herritar guztion ongi-izatearen defentsak ere zenbait boto ekarriko zien batez ere sozialistei. Adibidez, logikoa da pentsio duinen aldeko aldarria partekatzen duten lagunek, 2016an ez bezala, orain PPri botoa ukatu izana.
Bestalde, EAJk izandako arrakastaren arrazoi nagusietako bat pragmatismoa litzateke. Estrategia horren ale batzuk dira, esaterako, Euskadirentzat eskumen berriak lortu izana edo, Kataluniako egoera beldurrez ikusten dutenentzat, alderdi horrek egindako elkarrizketaren aldeko apustua. Estrategia horren muina, hordago arriskutsurik bota gabe, abantaila berriak bilatzea da.
Azkenik, EH Bilduren igoera dugu. Irabazitako hautesle multzo bat, seguru asko, 2016ko Podemosetik etorriko zitzaion, alderdi horren barne istiluek jarraitzaile asko uxatu dutelako. Beste boto-poltsa bat, EAJri kendutakoa izan liteke, EH Bilduk azken urteotan erakutsi duen joera pragmatikoa eta konpromiso instituzionala erakargarriagoak baitira abertzale askorentzat lehen nagusia zen konfrontazio estrategia baino.
Eta ezin da ahaztu ezker abertzalearen Arabako hautagaiak, Marotoren ahotik, debate batean jaso behar izan zuen eraso bortitza. Elkartasuna tarteko, alkate ohiaren neurriz kanpoko hanka-sartze horrek boto bat baino gehiago ekarriko zion, seguru asko, hautagai abertzaleari.
Arrazoiak arrazoi, ongi etorria boto aldaketa!