Araban ez gara arrazistak?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Martinez de Luna 2019ko mar. 26a, 09:39
Arrazakeriaren kontrako azken manifestazio jendetsua Gasteizen. HALA BEDI

Hori da gure ustea, behintzat, baina hori zalantzan jarri beharko dugu ohikoak diren zenbait komentario entzun eta gero; hala nola gizarte-laguntza gehienak etorkinek eramaten dituztela, bertakoei lana kentzen digutela, ez direla  gure gizartean integratzen, eta abar.

Berdin dio hain erraz botatzen diren horrelako burutazioak egia ala gezurra diren. Zurrumurruek ez dute ziurtagiririk behar sinetsiak izateko. Lasai asko botatzen dira fake news tankerako sasi egia horiek, eta inork gutxik egiten die aurre.

Arrazakeriaren zantzuak antzematen dira gurean, bai, eta kezkagarria da. Izan ere, bide beretik jarraituz gero, jarrera xenofoboak eta ghettoak nagusitzeko arriskua badago Araban ere.

Baina, zergatik piztu zaie kanpotar horiei migratzeko grina: apetak emanda ala modu duinean bizitzeko premiak bultzatuta? Zergatik hartzen dute, zer gerta ere, Europara ailegatzeko arriskua: kapritxo hutsagatik edo halabeharrez?

Gainera, gu ez gara nor bizitza duina bilatzen dutenak kritikatzeko. Zergatik izan beharko dugu bertakook etorkinek baino eskubide gehiago ongizateaz gozatzeko? Zein da gure meritua horretarako: hemen jaio izana? Baina, guk geuk irabazi dugu bertan jaiotzeko saria, ala patuak kokatu gaitu gu hemen eta etorkinak atzerrian?

Gure bizilagun berri horien izaeraz, premiez, bizipenez, sufrimenduz ezer gutxi dakigu. Eta ohikoa da ezezagunaren aurrean mesfidantza, deserosotasuna eta susmo txarrak piztea. Ezagutzen ez duguna ezin dugu ongi ulertu, are gutxiago horrekiko enpatiarik sentitu. Etorkinak ez ditugu ezagutzen eta, horregatik, zurrumurruek bide libre dute.

Xenofobia hedatzearen aurkako antidoto ezin hobea litzateke denok, arabar berriek eta, guk geuk, betiko arabarrok, elkarrengana hurbildu eta elkar hobeto ezagutzeko ahalegina egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide