Gai horrezaz ikerketa bat egin berri dute lau emakume ikertzailek. Lanaren izenburua, oso erakargarria: Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Egileak, Ane Ortega, Esti Amorrortu, Jone Goirigolzarri eta Jacqueline Urla dira.
Egileek azaltzen dutenez, euskalduntze prozesua abiatu zenean, 20. mendeko 60ko hamarkadan, dikotomia bat finkatu zen, bi hiztun profil argi eta garbi bereiziz: euskaldun zaharra eta euskaldunberria.
Horien esanahia argi zegoen garai hartan: Euskaldun zaharra euskara etxean ikasitakoa zen eta euskaldunberria, aldiz, euskara helduen gau-eskolan ikasitakoa.
Baina, badira beste irizpide batzuk ere, profil bakoitza deskribatzeko balio dutenak: euskaldun zaharra euskalkia edo “herriko hizkera” erabiltzen duena da, eta euskaldun berria batua edo “plastikozko euskara, hizkera artifiziala” baliatzen duena.
Horregatik, esandako ikerketaren arabera, norbait euskaldunberria dela esateak euskal hiztun hori nolabait deslegitimatu egiten du, batzuen ustez; euskal hiztun eskasa da, nonbait.
Beste batzuei, ordea, euskaldunberri izendatua izatea ez zaie inporta. Uste dute, gainera, balio berezia zein kutsu legitimatzaile berria ematen dizkietela; alegia, aitortzen zaie euskaraz ongi hitz egitera iritsi ahal izateko, euskaldun berriek aparteko ahaleginak egin behar izan dituztela.
Ni neu, euskaldun berria naiz eta harro nago. Eta nirekin batera, Araban garen 74 mila euskaldunetatik gehien-gehienak ere berriak dira. Zehatzago, lau euskaldunetatik hiru gara euskaldun berriak.
Ohorea izan behar du familiatik kanpo euskaldundu garen guztientzat euskaldun berri deituak izateak.
Ea laster euskaldun berri etiketa horren pean sartzen diren oraindik erdara baino ez dakiten beste arabar horiek ere.