Entzuten duguna, irakurtzen duguna, ikusten duguna. Hori omen gara gu.
Alegia, entzuten dugun irrati-katea, irakurtzen dugun egunkaria, ikusten dugun telebista. Hori guztia gara gu.
Hobeto pentsatuz, nik uste lelo hori ez dela guztiz zehatza, gu ez garelako entzuten, irakurtzen eta ikusten dugun guzti-guztia.
Adibidez, taberna batean irakurtzen dugun libre dagoen egunkari bakarra eta gure gustukoa ez dena, hori ez gara gu.
Edo etxeko sofan etzanda, telebistako mandoari sakatu eta sakatu zoroen pare ibiltzean, ikusten ditugun kate guztiak ez gara gu.
Agian, hobe izango da leloa irauli eta beste modu batera jartzea; adibidez: Entzuten ez duguna, ez gara!
Nik uste hori zuzenagoa dela. Hau da, entzuten ez dugun irrati-katea, irakurtzen ez dugun egunkaria, ikusten ez dugun telebista, hori ez gara gu. Hori guztia ez da existitzen guretzat. Hori ez da gure mundutxoa.
Gure pentsamoldearekin, gure izaerarekin, gure asmoekin bat egiten ez duenak ez du gure atentzioa erakartzen. Ez du gurekin bat egiten eta guk ez diogu jaramonik egiten.
Horregatik, entzuten ez duguna, irakurtzen ez duguna, ikusten ez duguna, ez gara gu.
Horrek galdera batzuk egitera eramaten gaitu, halabeharrez:
Euskarazko ala erdarazko irratirik entzuten dugu? Euskarazko ala erdarazko egunkaririk irakurtzen dugu? Euskarazko ala erdarazko telebistarik ikusten dugu?
Erantzuna bada entzuten, irakurtzen eta ikusten ditugunak erdarazkoak direla, azken galdera bat: Orduan, bagara ala ez gara euskaldunak?