Urte luzetako ahaleginak fruitua ari dira ematen: euskarak gero eta oinarri sendoagoak ditu
Araban. Abiapuntua, euskaldunen kopurua areagotzea izan zen; lehenbiziko eta ezinbesteko pausoa. Bigarrena izango da elebidun berri horiek euskal hiztun bihurtzea.
Horretarako, elebidun horien arteko euskarazko harreman-sarea ehundu behar da. Ez da berez sortuko, eta erdarazko giroetan murgilduta dauden elebidunek heldulekuak behar dituzte euskaraz egin ahal izateko. Helburu horrekin dihardute hainbat euskara taldek; alegia, dinamika berriak euskaraz sortzen eta suspertzen. Horrela, elebidunek euskal hiztun bihurtzeko aukera izango dute.
Euskarazko sareak behin sortuta, erronka nagusia, pausorik zailena, izango da elebidunak horietara biltzea. Adibidez, Korrikan gogotsu dabiltzan horien artean euskarazko harreman trinko eta iraunkorrak eraiki ditzaten lortzea.
Estrategia horren eskutik hazi eta sendotuko da Arabako euskal hiztunen komunitatea; pausoz pauso, Korrika bezala.