Euskalgintzako Haize Berriez

Haize berriena topiko saihestezin bihurtu zaigu. Zertan dautza, baina, egungo Haize Berri horiek euskalgintzaren eremuan?

 

Gasteizko giroa aztergai

Gogoeta-bide hori urratua du Leire Lopez-Gil Peciña arabarrak, 2012an, Hiznet gradu-ondoko ikasketetako “Gasteizko erakunde publikoen eta herri ekimenaren arteko osagarritasuna euskalgintzan” izeneko ikerketa-lanarekin.

Lan horretan egileak hipotesi bat frogatu nahi du: euskararen normalkuntza eta sustapena helburu partekatua izanagatik, euskalgintzan aritzen diren erakunde edo eragileen artean “lankidetza gehiegirik ez dagoela….” Ni ere uste berakoa naiz funtsean, nahiz eta aitortu azken boladan muga hori gainditzeko pausoak ematen ari diren. Informazio bilketa zabala eta horren analisi sakona burutu ondoren, hipotesia berretsia dela diosku Leirek.

Kezka orokortua

Euskararen eremuko Haize Berrien gakoetako bat da euskararen eragile mota guztien arteko elkarlana areagotzea.

Kezka bera azaltzen zuen Mikel Irizarrek Berria egunkarian (2013-06-15): “…gizartearen eta erakunde publikoen arteko harremanean batez ere konfrontazio giroa egon da. Eta hau ez da berez txarra, ez eta berez ona ere. Segun eta noiz, segun eta nola. Zerbait txarra bada, hori zurruntasuna da, beti aurka edo beti alde egotea, egon beharra..”

Aldaketaren gakoa

Euskalgintzara ekarriz, elkarlan horrek badu ezaugarri gako bat: zuk eta biok irabazle ateratzearena; alegia, eragile ezberdinak elkarrengandik urrunduta ibili ordez, elkar hartu eta, beste eremutan interes ezberdin edo kontrajarriak izan arren, euskararen inguruko elkarlanarekin denek zerbait irabaztea. Hau da, batzuek eta besteek jomuga dituzten “euskararen normalkuntza eta sustapena” posibleago egitea.

Norabide berri hori ez da ez, erraza, aldarte aldaketa sakona eskatzen duelako, Irizarrek deskribatzen duen bezala: “Elkarri eragiletza aitortu, ikuspegiak trukatu, zintzo eztabaidatu, adostasunak eraiki, egitasmoak hitzartu, egitekoak banatu, baliabideak jarri, bilakaerak elkarrekin kontrolatu... Mota honetako lankidetza komeni da bereziki estrategikoak diren esparruetan, horixe eskatzen du euskarak une honetan.”

Aldatu ala hil

Haize Berrien arabera, lankidetzarako aukerei begira jarri behar du euskararen munduak. Besteak beste, euskararena Gasteizen mundutxoa baino ez garelako eta, hortaz, suizidio litzateke elkarren berri izan nahi ez izatea eta, areago, elkarren kontra jarduten tematzea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago