Kexa gutxi euskaldunen ahotik

Kexa bakarra jarri zuten arabarrek, 2011 urtean, Arabako Foru Aldundiaren menpeko zerbitzutan euskaraz baliatzeko dagoen ezina dela-eta. Datu hori Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kaleratua zen 2011ko txostenean. Beste lau intzidentzia jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak, urte berean. Guztira bost dira, beraz, erakunde horri dagozkion 2011ko salaketak. Foru Aldundiari buruzko erreklamazioak hain gutxi izateak zer pentsa ematen du.

 

Kopuru txikiaren zergatiaz

Zer esan nahi du, bada, kopuru apal horrek? Hona hemen alegiazko erantzun batzuk:

  1. Araban euskaldun gutxi dago eta, horregatik, berdin dio zerbitzuak herritarrei gaztelania hutsez eskaintzeak.
  2. Araban euskaldunak egon badaude, baina ez dira oso euskaltzale eta berdin zaie zerbitzua zein hizkuntzatan ematen zaien.
  3. Arabako erakunde horretan euskara erabiltzea bermatuta dute herritarrek.
  4. Arabako euskaldun asko euskaltzaleak diren arren, ez dakite eskubide dutela herri-erakundeetan euskaraz artatuak izateko.
  5. Euskaldun euskaltzaleak izanda eta dagozkien eskubideak ezagututa ere, ez dira ausartzen/arduratzen erreklamazio formal bat aurkezten.

Aurreko arrazoien nahasketa izan daiteke portaera geldo horren funtsa, baina aukera guzti horien pisua ez dut uste bera denik.

Funtsa gutxiko argudioak

Euskaldun asko-asko ez dago Araban, baina kopuru nahikotxo osatzen dute gaur egun. Horien parte handi bat euskaldun berriek osatzen dute/dugu. Ezaugarri hori euskararekiko interes eta ahalegin handien isla izan ohi da maiz. Familiaren bitartez eta ahalegin berezirik gabe euskaldundu direnen interesa eta ahalegina baino handiagoak, askotan.

Arabako euskaldun saiatu horiek jakin badakite gustuko duten hizkuntzan jarduteko zein zailtasun handiak dauden. Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte gizarteko arlo gehienetan dauden mugak, Foru Aldundikoak barne.

Jarrera geldoaren gakoak

Hizkuntza eskubideen ezagutza falta, aldiz, izan liteke arrazoietako bat. Izan ere, Euskararen Legeak 30 bat urte bete eta gero, gizartea oraindik ez dago jakitun Lege horrek dakarzkion eskubidez. Erdaldunak izan edo euskaldunak izan, gutxik dakite Legeak aitortzen digula hizkuntza ofizial bietako edozeinetan ahoz nahiz idatziz egiteko eskubidea.

Ausardia falta izan liteke euskaldunen pasibotasun edo geldotasunaren iturri. Tabernetako barra aurrean mundua jateko gauza gara euskaldunak. Abilak gara, era berean, exijentzien zama beste batzuen gain jartzen: “administrazioak egin beharko luke”. Ez da horren ziur, ordea, kexa bat leku egokian egiteko gauza garenik. Beharrezkoa da erakundeen utzikeria salatzea, dudarik gabe. Hori bezain premiazkoa da, hala ere, euskaldun euskaltzaleek salaketak leku egokietan egitea.

Uxatu beharreko susmoa

Intzidentzia kopuru txiki horren erantzun bila nabilela, ezjakintasunarekin eta ausardi ezarekin nahiago dut amaitzea. Ez dut pentsatu nahi arrazoia euskararekiko ardura falta izan litekeenik.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago