Mintzalagun programa, txapeldun!

"Esan dezakegu euskarak baduela etorkizun itxaropentsua Araban"

 

Itxaropena: Esan dezakegu euskarak baduela etorkizun itxaropentsua Araban, 2012-2013 ikasturtean 636 pertsona Mintzalagun programan parte hartzen ari direla ikusita; horietako 502k Gasteizen dihardute.

Kopurua: Multzo hori garrantzitsua da tamainaz, eta, gainera, urtez urte ari da hazten. Aurrera begira ere, Gasteizko programaren ardura duen GEU elkarteak aurreikuspen baikorra egiten du hurrengo ikasturterako, 700 bat lagunek izena ematea espero du-eta.

Ekimenaren bestelako onurak: Kopuruz inportantzia handia ez ezik, ekimen horrek baditu zifretan kalkulatzerik ez dagoen bestelako onurak ere. Bai trebatu nahi duen lagun horientzat, baita euskararen komunitatearentzat ere.

Adibidez, taldeetara bildu arte elkarrekin ezagutzen ez zuten euskaldunak harremanetan jartzea. Edo, aurretik elkar ezagutu bai, baina ordura arte erdaraz erlazionatzen ziren horiek hortik aurrera euskaraz elkarrekin jardutea. Baliteke ere taldekide batzuk, astez asteko saioen poderioz, programa bukaerarako adiskide bilakatzea; edo, zergatik ez, bikote osatzea. Harreman-osatze eta -trinkotze hori da hizkuntza bat berreskuratzeko bidea. Eta, argi dago, euskaldun zalantzatia gaituago bihurtzearena ere bai.

Beste erdarak gainetik: 2012an kaleratu ziren hizkuntzen kale-erabileraren datuek bazuten puntu guztiz deigarri bat: Hego Euskal Herriko hiriburuetan euskara baino gehiago entzuten zen gaztelania ez den beste erdararen bat. Nola da posible? Gasteizen, adibidez, euskaldunen proportzioa %25ekoa da eta euskararen kale erabilera, aldiz, %3 baino ez. Beste erdara horiek lortutako presentzia %4,7 zen. Ez euskara, ez gaztelania beste erdararen bat egiten dutenak, etorkinak izan zein turistak izan, %25era ez dira askogatik iritsiko. Zergatik entzuten da, ordea, gutxiago euskaraz?

Harremanen trinkotasuna: Hots, etorkinak izan zein turistak izan elkarrekin ibiltzen dira, sarri taldeka, beraien baitara bilduta. Euskaldunak, ordea, erdaldunen artean sakabanatuta ibiltzen gara gehienbat. Horrela, euskal hiztunen kopurua handiagoa izan arren, ezin dugu kanpotar horiek beren hizkuntzetan duten erabilera mailara iritsi. Gakoa, euskaldunen arteko harremanak trinkotzean datza.

Konponbide bat: Gorago esan bezala, Mintzalagun programak, euskaldun zalantzatiak trebatzen ez ezik, euskaldunen arteko harremanak ehuntzen eta sendotzen ere laguntzen du. Hor dago aukera erakargarri bat, euskarak Gasteizko kaleetan lekua lor dezan.

Horregatik guztiagatik, errima txoro bat eginez: Mintzalagun Txapeldun!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago