Urteak joan urteak etorri, euskaldunen multzoa ugarituz joan zen Zalduondon, bertako neska-mutil euskaldun-berrien bitartez zein kanpotik iritsitako euskaldun zaharren ekarpenarekin. Batzuekin euskaraz egitea posible bihurtu zen. Hala ere, euskara Zalduondon ohiko hizkuntza izatetik oso urruti zegoen. Beste zerbait falta zen oraindik, euskara bizirik zegoela esan ahal izateko.
Belaunaldi oso bat pasa da harrezkero eta hizkuntza-aldaketaren zantzu sendoak antzeman daitezke Zalduondon. Gaur egun, euskaldunen proportzioa handia da, batez ere berrogei urtekoengandik behera. Egia da betiko inertziak eta erdararen aldeko ohiturek asko zamatzen dutela euskaldun euskaltzaleen nahia.
Hala ere, azken hilabeteotan euskaraz bizitzeko gogoa ere plazara jalgi da. Izan ere, bizilagun euskaldunek galdera bat egin diote euren buruari eta elkarri: Zer egin dezakegu Zalduondon euskaraz (gehiago) egiteko?
Kezka hori puntuala eta norbanakoarena izatetik, taldetxo baten gogoeta izatera igaro da. Erantzun bat bilatzeko eta Aguraingo Koadrilako euskara-teknikariak lagunduta, gogoeta-saio bat antolatu dute, horretarako soziolinguistikan aritu baten laguntza bilatuz. Gogoeta burutzea ez ezik, dimentsio ludikoa ere erantsi diote saioari: kantu-afari ederra ospatu dute herritarrek, euskaldunek zein erdaldunek, nerabeek edota helduek parte hartuz. Horrela, kantuari ekin zioten postreetan, aho batez, eta orkestra-gizon trebe batek den-denak jarri zituen kantuan…eta dantzan.
Ekimenaren ondorioak eta erabakiak ezin itxaropentsuagoak, horietan hainbat funtzio beteaz: herriko euskaldun guztiak argazki batean biltzea, osatzen duten multzo garrantzitsua agerian jartzeko asmoz (euskararen ikusgarritasuna); euskara batzorde bat sortzea hurrengo ekimenez arduratzeko (antolamendua eta plangintza); euskarari bizipen ludikoa eta erakargarria eranstea (hizkuntzaren irudia); euskara harresi gisa erabili partez, lokarri bihurtzea, horren aitzakian antolatutako afarian eta gerokoetan euskaldunak eta erdaldunak bilduz (gizarte kohesiorako tresna).
Badago gehiago eskatzerik? BAI! Jardun mota hori beste herri eta auzo batzuetara heda dadin!