Kuadriletako euskara teknikariez

Urtarrilaren erdialdean Arabako Koadriletako euskara teknikarien lanpostuak bertan behera gelditzeko arriskua ageri-agerikoa zen. Duela egun batzuk, aldiz, Foru Aldundiko aurrekontuen inguruko akordioak teknikari horien iraupena ziurtatu omen du. Gorabehera horietara eraman dituzten joko eta interes politikoak alde batera utzita, teknikari horien garrantziari erreparatu nahi diogu hemen.

Hasteko, gogorarazi behar dugu Aldundiko 2010-2013ko Euskararen Plan Estrategikoak bi helburu nagusi dituela, hitzez hitz horrela jasota: a) Araban euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak sustatzea; b) Araba mailako gizarte eragile eta herri erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlanerako ekimenak jorratzea, euskararen normalizazioaren aldeko urratsak emateko maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean.

Bi helburu horien alde berehalaxe eta zalantza izpirik gabe sinatuko luke euskalgintzako edonork. Kontua da nola bideratu eta gauzatu helburu horiek, eta hortxe kokatzen da esandako teknikarien figura.

Arabar euskaldunen kopuruak asko handitu diren arren, erabilerak oso kopuru apaletan jarraitzen du trabatuta. Euskararen ezagutzaren hedapena, ezin da hizkuntza horren  normalkuntzatzat jo, gaitasuna erabileran gauzatzen ez bada. Baina, galtzear egon den hizkuntza bat berreskuratzea oso konplexua da ‑ustez baino askoz korapilatsuagoa‑, euskararen erabilerari buruzko azken datuen geldiuneak ongi erakusten duen bezala.

Bide horretan, Arabako jatorrizko hizkuntza biziberritzeko gizarte ingeniaritza (edo, hobeto, artisautza?) mailan lan eskerga dago egiteke. Hizkuntza horretan diharduten gune berriak sortu, euskarazko harreman berriak garatu, etab. Horretarako ezinbestekoak diren oinarriak (euskalduntzea eta euskararako zenbait egitura sortzea, adibidez) lantzen eta osatzen joan dira azken hamarkadetan, herrigintzaren zein erakundeen lanari esker. Baina, lan handia eta gero eta finago dago oraindik egiteke.

Hor kokatzen da koadriletako euskara teknikarien premia. Izan ere, euskara zerbitzu propiorik izateko bitartekorik ez duten udaletan, euskara gizartean txertatzen joateko artekari lana beteko duten adituak behar dira. Horien laguntzarekin, posible izango da koadrila mailan ere modu koordinatuan jardutea, efizientzia handiagoa lortzea eta udalerri askoren dimentsioak ahalbidetzen ez dituen hainbat dinamika eta ekintza abian jartzea.

Gainera, udalerriaren mugak eta hiztun kopuruak oso txiki gelditzen zaizkio euskararen biziraupenari. Hizkuntza baten erabilera areagotzeko udalerriko bertako planteamendua behar da, dudarik gabe, baina aldi berean dimentsio zabalagokoa ere bai. Udalen arteko harremanak ehundu litzakeen teknikaririk ezean, funtzio horiek beteko lukeen beste inor ez legoke.

Horretan guztietan dautza, hain zuzen, koadriletako euskara teknikarien zergatia eta garrantzia. Horregatik, larria litzateke figura hori desagertzea eta lasaitu ederra hartu beharko genuke euskaltzaleok urtarrileko mehatxu hura azkenean gauzatzen ez bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago