Aitortu behar dut trikimailu batez baliatu naizela idazkiaren hasiera hau deigarriagoa egiteko. Izan ere, Arabako datu horiek 16 urte eta hortik gorako biztanleriarenak dira eta Trebiñukoak, aldiz, 2 urteko edo goragokoenak. Hortaz, ez dira konparagarriak.
Barka iezadazue, mesedez, iruzur inozo hori eta orain jarri arreta arazorik gabe aldera daitezkeen beste datu hauetan: 16-24 urteko adin taldean, Trebiñun %42 dira elebidunak eta Arabako (beste) lurraldetan %46,2. Aldea bere horretan mantentzen da, gutxi gorabehera, adinean gorantz egin ahala; adibidez: 25-34 urte bitartekoen zifrak %23 eta %29,3 dira, hurrenez hurren; 35-49 adin taldean, %13 eta %15,1, eta abar.
Bada paradoxikoa, benetan, Trebiñuko bi udalerriak, administratiboki Castilla-Leóngoarenak izan arren, Euskal Herrikoak omen diren (beste) lurraldeak bezain euskaldunak izatea. Edo, alderantziz, euskal lurralde horiek Burgoskoak bezain erdaldunak.
Logikaz kanpo dagoen egoera hori hobeto ulertze aldera, bi suposizio bururatzen zaizkit: a) Arabako euskaltasuna motel ‑Burgosko udal horien patxadaz‑ ari da berreuskalduntzen; b) euskal izaera hain agerikoa izanik, Trebiñuk euskal lurraldeetako bat beharko luke administratiboki ere. Egia esanda, badago hirugarren aukera bat: aurreko suposizioak, bi-biak, zuzenak izatea; alegia, aurrerapauso handiak ematen ari diren arren, Araba ez izatea oraindik beharko lukeen bezain euskalduna eta, aldi berean, Trebiñu, linguistikoki jada den bezala, administratiboki ere arabartzat jo beharra.
Eusko Jaurlaritzako Trebiñuko enklabea. Azterketa Soziolinguistikoa 2012 izeneko ikerlanak, aurreko datuak ez ezik, beraiek ulertzeko zenbait gako ere ematen ditu. Adibidez, enklabe edo barrendegi horretan bertan jaiotakoak laurden bat baino ez izatea eta, bestalde, Euskal Herrian sortuak izatea kanpotik iritsi diren gehienak. Bada ere beste datu esanguratsu batzuk: lanean ari direnen lautik hiru (%74) Araban jardutea edo Trebiñuko ikasle gehien-gehienek (%73k) Arabako ikastetxeetara joatea.
Arrazoiak arrazoi, azken hamarkadetako aldaketen eskutik Trebiñu gero eta euskaldunago ari da bihurtzen; gero eta arabarrago. Hartara, beste paradoxa batekin egiten dugu topo: enklabe hori Arabara itzultzeko aldarrikapena, gaur egun, inoiz baino lurrunduagoa egotea. Zergatik ote?