Izan ere, 2011n, gehiago entzun dira Gasteizko kaleetan beste hizkuntzak, euskara baino. Hori horrela, hainbat euskaltzalek eta euskara-elkartek beren indar osoa euskararen alde eman eta gero; hori horrela, Euskararen Legeak 30 urte bete dituenean. Beste hizkuntza horien presentzia aipagarriak, aldiz, hamar bat urte baino ez du. Ez dira kanpaiak jotzeko moduko datuak, ez, baizik eta hausnartzeari ekiteko akuilua.
Emaitza horien gakoa ez da hizkuntza bakoitzak dituen balizko hiztunen kopurua, euskara dakitenak askozaz gehiago dira beste hizkuntzen hiztunak baino. Orduan, zergatik erabiltzen da euskara gutxiago? Arrazoi nagusiak honako hauek dira:
- Beste hizkuntzen hiztunek elkarrekin dituzten harremanak trinkoagoak dira euskaldunen artekoak baino, azken horiek erdaldunen harreman-sareetan barreiatuta daudelako;
- Beste hizkuntzen hiztunek beren hizkuntzetan duten gaitasun erlatibo handia eta, aldiz, Gasteizko euskaldun gehienek euskaraz duten gaitasuna apalagoa da gaztelaniazkoa baino; hortik abiatuz, nagusitzen da erdararako berezko joera;
- Beste hizkuntzen hiztunek beren hizkuntzari dioten atxikimendu objektiboa –alegia, eguneroko jardunean gauzatzen dena‑ handia da, eta euskaldun askok euskararekiko duten atxikimendua efektiboa baino afektiboagoa da: maitatu bai, baina erabili...
Euskararen presentzia publikoa Gasteizen areagotzeko, beraz, errezeta erraza da:
- Euskaldunen arteko euskarazko harremanak areagotzea eta trinkotzea, bilgune eta ekimen euskaldunak sortuz eta hedatuz. (Euskaldunen biltze-premia hori asetzen hasteko Gasteizko Kafe Antzokia izango ote urrats bat?)
- Gauza jakina da hizkuntzen trebakuntza erabileraren bitartez burutzen dela eta, hortaz, euskaldun gaituagoak lortzeko lehenengo puntura bultatu behar dugu, alegia erabilerarako aukerak hedatzera;
- Garrantzitsuena dena, euskaldunek euskarari aitortzen dioten atxikimendu afektibo eta sinbolikoari praxi koherente batekin osatzeko mugak zein diren banaka eta taldeka aztertu beharra. Alegia, euskaltzalea(k) izanda ere, zergatik jotzen dut/dugu erdarara; zein diren nire/gure bizipenak horren inguruan; zein nire/gure asmoak; zer egin dezaket/dezakegu asmo horiek gauzatzeko... Horrela egin ezean eta Leon Festingerrek landu zuen disonantzia kognitiboa tartean, euskararekiko aldekotasuna ahultzeko arriskua dago, hizkuntza-sentimendua erdarazko jardun errealera egokitzeko.
Azken buruan, beste hizkuntzak izan edo euskara izan, norbanako zein gizarteko baldintzek ezartzen ala oztopatzen dute hizkuntza-erabilera. Beraz, errezeta erraza: baldintza horietan eragin behar da. Ziur nago plater hori prestatzeari ekiteko prest dagoen sukaldari trebea egon badagoela!