Uda honetan, Araiako Umore Antzerkiaren XIX. Jaialdian gozatzeko parada izan nuen lingua nabajorum antzezlanarekin, euskararen historia txoro horrekin. Ederki gozatu ere (ea Gasteizera laster datorren!). Umore osasuntsu batez baliatuta, euskarari eta euskaldunei eten gabe egiten diete barre bi komiko horiek. Lekutan dago haien jarduna euskararen gainean ohiko dugun diskurtso aspergarri, transzendental eta, batzuetan, tragikotik. Izan ere, ez dute ezertxo ere errespetatzen, ezta gure hizkuntzaren inguruko alderdi ukiezinenak ere. Jatorri ezezagunetik abiatuz, garbikeria deitoragarritik eta euskalkien gorazarretik igaroz eta premiazko batua sofistikatuakin bukatzeraino, den-dena hartzen dute trufaka. Eta, hori bezain garrantzitsuena dena, ikus-entzuleek barrezka ematen dute saioa.
Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? delako entseguarekin ere egundoko gozamena izan dut uda honetan. Oso bestelakoa, noski. Aktore horien ahotan barregura ematen zuena, hausnarketa sakonerako aukera bihurtu zitzaidan azkeneko egilearen lerroetan.
Funtsezko eta ezinbesteko izan zaizkigun 'egiak' zalantzak jarri eta eraisten ditu Sarrik. Honakoak, besteak beste: euskararen isolamenduaren ideia faltsua ukatu eta batzuek euskararako erreserba bihurtu nahi izan dutela salatuz; integrismo erlijioso eta arrazismoarekin lerrotutako garbizalekeria deitoratuz; axiomatzat hartu izan den elebitasunaren bideragarritasun eza gaitzetsiz; eta abar.
Badaude, halaber, egile horrek txalotzen dituen aurrerapausoak. Adibidez: hemengo beste hizkuntza hori lurperatzeko gogoa indargabetu izana; euskaldunak eleaniztasunera irekitzea; gure hizkuntza politikaren borroka-lekutik ateratzeko ahaleginak,izan ere eta hitzez hitz: “Hizkuntza ez da alderdi baten bandera, jakina, denon altxorra da.”
Baliteke Telleria eta Martinezek Sarrionandiaren saiakera irakurri eta, ondorioz, horren kritizismoa baliatuz antzezlan barregarria idatzi izana. Baliteke ere, era berean, hori horrela ez izatea. Berdin da. Azken buruan, alderdi seriotik begiratuta edo irri eginarazteko aitzakiatik hartuta, ezin osasuntsuagoa da gure tabuekin haustea eta ortodoxia itogarritik askatzea. Baita entzulegoak/irakurlegoak halako kritikak ulertzea eta barre egiteko gogoa sentitzea ere.
Gora Sarri, Patxo eta Mikelen lingua nabajoruma!