Kontua da kaleratu berri den ondorio hori, Soziolinguistika Klusterrak zabaldu duela 2011n neurtu zuen kaleko hizkuntzen erabileraren emaitzetatik abiatuta. Eta, ados, azken hamarkadako Euskal Herriko datuek zein ‑gurera hurbilduz‑ Arabako eta Gasteizkoek hori diote. Labur esanda: Gipuzkoan baino ez da eten gabeko aurrerapauso garbirik antzematen eta Arabako erabilera %4an iltzatuta dago.
Albistea ez da suziriak botatzen hasteko modukoa, ezta hurrik eman ere. Baina irakurketa neurritsua egitera gonbidatzen zaituztet, betiere emaitza horien gordintasuna zuritzeko batere asmorik gabe.
Kalekoa ez da hizkuntza batek erabilia izateko duen aukera bakarra. Alegia, kalean erdaraz egiten duen pertsona horrek berak baliteke lanean, familian, lagun-artean, ikastetxean, aisian edota gainontzeko egoeratan euskaraz egitea. Gainera, kalea ez da euskararen erabilera bultzatzeko planifikatu diren giro edo egoeretako bat (adibidez: hezkuntza, herri-administrazio, zenbait lan-toki eta komunikabide eta abar). Beraz, oso posible da beste ingurune horietan euskarak aurrerapausoak eman izana, kaleko erabileran eragitera iritsi gabe. Egin beharreko galdera, orduan, hauxe litzateke: kalean euskarak ez badu aurrera egiten, zer ari da gertatzen beste leku/egoera horietan?
Bestalde, datu orokorren atzean badaude itxaropenerako zenbait zantzu: Euskal Herriko lurralde guzti-guztietan ‑Araba barne‑ haurren eta gazteen euskararen erabilera helduena eta adinekoena baina ugariagoa da. Haur eta gazteek gehiago erabiltzen badute, bada, zergatik ez da hazkunde hori emaitza orokorretan islatzen? Arrazoietako bat belaunaldi horien pisu erlatibo txikia da; hau da, azken hamarkadetako jaiotze-tasa lurretik dago eta Baby Boom-eko belaunaldia, ordea, gure historiako erdaldunena izan da. Horren ondorioz, aspaldiko haur eta gazte euskaldunenak orain ditugun arren, horien eragina oso txikia da kaleko erabileran.
Eta kitto! Hemen amaitzen zaizkigu emaitzen gordintasuna erlatibizatzeko argudioak.
Izan ere, belaunaldi berri horien hizkuntza-joera euskaltzaleagoak helduaroan ez duela bere horretan zertan mantendu, gizarte inguruneko baldintzak euskalduntzen ez badira; hots, aurrerago ere haur eta gazteek euskaraz egin dezaten behar diren neurriak hartzen ez badira.
Zorionez, baikortasunerako tartea badugu. Mugak muga, euskalgintza (herrigintzakoa zein herri-administrazioaren euskara zerbitzuak) inoiz baino antolatuago eta prestatuago daude. Gainera –optimista patologiko batek esango lukeen moduan‑, Araban atzera egiteko tarterik ia ez dugunez, aurrera egin beharko dugu, ezinbestez!
Txantxak alde batera utzita, kale neurketaren datuekin depresioan erori ordez, hartutako lan erraldoiaren konplexutasunaz jabetu behar dugu eta, amore eman gabe, aurrera egiteko pauso eta estrategia berriak garatu.