Madonna eta euskara

Seguru nago gehien-gehienok entzun dugula honezkero Iparraldeko Kalakan taldea Madonnaren show-ko partaideak direla munduan barna.

Horri buruz dugun iritzia dugula ere, zirko horrek baditu alde positiboak; adibidez: bat, euskararen irudi ez-ohikoa ‑eskolari edo politikari lotua ez agertzea, adibidez‑ eskaintzea; beste bat, Madonnaren glamourra baliatuz euskaltasunetik lekutan dauden hainbat gizarte sektoreetara euskararen berri zabaltzea.

Izan ere, Gasteizko (eta Euskal Herriko) hainbat girotan euskara zalantzez beteta agertzen da: Zertarako balio du euskarak? Areago, euskarak zerbaitetarako balio al du? Halako galderak egin litzake hainbat herritar xumek zein euskalerriratu berri den etorkinak. Zergatik? Ez direlako (ez ditugulako) euskararen balio guztiak transmititzen.

Euskarak balio izugarria du gure izaera kolektiboaren ikurra gisa, esango du batek. Bai, baina gure arteko askok ez dute sentimendu hori partekatzen, euren nortasuna beste euskarri batzuk dituelako. Kasu horietan, zertarako balio du euskarak?

Kontua hauxe da: bertan bizi garen guztion edo gehienon hizkuntza euskara izatea nahi badugu, herritar guztiok aurkitu behar diogula balioren bat euskarari; balio identitarioa izan edo balio pragmatikoa zein integratzaile izan, euskarak balio garbiak erakutsi behar ditu. Eta nago ez dakigula euskararen balioak erakusten, ez dakigula euskarak eman dezakeen guztia agerian jartzen.

Adibidez: badakizue euskaraz ongi dakitenak gusturago daudela lan-baldintzekin erdaldun elebakarrak baino? Entzun duzue lanarekin pozik dauden gazteen ezaugarrietako bat euskaraz ondo jakitea dela eta, aldiz, langabezian dauden gazteena euskarazko eta ingelesezko ezagutza apala? Areago oraindik: ezagutzen duzue lana galtzearen beldur diren gazteak nabarmentzen direla euskararen eta ingelesaren ezagutza faltagatik? Holakoen berri ematen du duela hilabete eskas kaleratu zen inkesta batek (Sakatu hemen inkesta ikusteko).

Hori guztia ez da era mekanikoan ulertu behar, noski. Baina, zenbait arrazoi direla medio, kontua da gazte euskaldunak zertxobait hobeto edota seguruago sentitzen direla oihan ankerra den lan-merkatuan. Nork du albiste baikor horien berri? Gehien-gehienok ez.

Uste izatekoa da, bestalde, euskararen inguruko albiste baikorrek asko lagun lezaketela euskararen balio ezkutuak egun-argitan jartzen. “Nolako ondorio afektiboa izango luke euskaltzaleengan eta besteengan euskarari buruzko berri onen ehunekoa handituko bagenu?” zioen Joseba Kamiok bere blogean (neurehegitik.wordpress.com).

Nik argi daukat erantzuna: Madonnaren frikitasuna izan edo lan-munduko abantailak izan, euskararen inguruko albiste positiboak ugaritu eta zabaldu behar ditugu gure hizkuntzaren balioek hedapen handiagoa lor dezaten.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago