Gasteiz versus Ekogunea

Gasteiz green omen, baina Ekogune ote? European Green Capital zer den, gutxi gorabehera badakigu; Ekogunea, alabaina, zer da?

Badu ote Gasteizek zer ikasi Ekogunea delako horretatik?

Lerro horiek irakurtzen hasi bezain pronto pizten zaizkit Gasteiz greenaren inguruko zalantzak.  Lehenbizikoa: Gasteizko greentasun horrek ”gizartea kontzientziaziotik ekintzara pasatzeko” asmorik badu edo, aldiz, turismoa erakartzeko eta ostalaritza edo merkataritza bezalako sektoreak bultzatzeko asmoa nagusitzen da gainontzeko helburuen aurretik? Alegia, batez ere zenbait negoziotarako eskaparatea ote? Ekonomia suspertzeko ahalegina ez da berez deitoragarria, ez, baina greentasun hori marketin kanpaina hutsean gelditzea bada bai. Arrisku hori egon badago, kontuan izanda landarez osatutako Vitoria-Gasteiz ikurra osatzeko erabili direla babestuta dauden zenbait espezie, adibidez.

Bigarren zalantza datorkit Ekoguneak dituen lan-ildo estrategikoei erreparatzetik. Sei dira guztira lan-ildo horiek: paisaia eta natura, nekazaritza ekologikoa, energia eta aldaketa klimatikoa, kontsumo eta ohitura iraunkorrak, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna eta, azkenik, jasangarritasunaren ikuspegi orokorra. Horietatik zenbat daude benetan indarrean ‑paperak denari eusten dio eta‑ Gasteiz greenean? Kultura eta hizkuntza aniztasunarena ez, behinik behin.

Hizkuntzen Ekologiaren filosofia mundu mailan hedatu den planteamendu berritzailea da hizkuntza guztien balioa berretsi eta denen biziraupena babesteko asmoarekin sorturik. Mugak muga eta kontraesanak kontraesan, ikuspuntu filosofiko hori bidea egiten ari da eta gure gizartean ere oso balekoa da euskarak legitimotasun osoa berreskura dezan. Gasteizko greentasunean, hala ere, hizkuntzaren aniztasuna defendatzeko euskarririk edo lan-ildorik ez dut antzeman.

Gasteiz azaletik izango da, modu batean edo bestean, green, baina ez dut uste bere muina guztiz Ekogune denik. Dena den, oraindik aukera osoa dago Gasteizko greentasunetik Ekogunearen filosofiara eta jardunera igarotzeko. Egongo da aukera horri heltzen dion inor?

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago