Eguraldia, natura eta jendea erreparatuta, ez da erraza jakitea udaberrian, udan edo udazkenean gabiltzan. Alde batetik, beroa da nagusi azken bost hilabete hauetan; bestetik, gurean ohikoa ez den euri falta izugarria dago; abuztuan zuhaitzek jadanik udazken kolorea hartu dute eta lurrean nonahi orbel berria ikusten da. Esaidazue noiz den udaberria, udara edo udazkena. Eskerrak egun sutsuak mozten doazela eta gauak dezente luzatu diren, freskotasunaren mesedetan.
Jendearen joan-etorria eta mugimendua baretzen badoa ere, oraindik egunerokoa da eta berdin dio udara aurretik ala ondoren izan, gure hiriek lepo gainezka jarraitzen dute eta, diotenez, beste lekuetan ere antzera omen dabiltza.
Jadanik udazkeneko ekinoziora iritsi omen gara eta hala izango da. Izan ere, eguzkiaren martxa geldiezina da eta berak bere bidea egiten jarraituko du. Ia, ia pentsatzen jarrita geunden IA horrek —euskaldunentzat AA, pila alkalinoak bezala— eguzkia bera ere asaldatu ote digun.
AA, adimen artifizialaren aurrekoa da AN —nik horrela deitzen diot— adimen naturala. Gizakiaren adimen naturalak sortu du adimen artifiziala, ez da tresna estralurtar bat. Izaki guztiok dugu adimen naturala, bakoitzak berezia, bakoitzari dagokiona, eta euren tamainakoa. Gizakiok ere primateetatik banandu ginenean, aurre-gizaki bezala, gure adimen naturala eurenaren antzekoa zen eta milioika urte pasa dira eboluzio izugarrian, gaur egungo adimena lortu arte. Eboluzioaren kontuak.
Gizakiak, beste izakiek ez bezala, —badira izakiak euren burua ezagutzeko kapazitatea dutenak— 80.000 eta 100.000 urteko tarte horretan, adimen bat bazuela ohartzeaz gain (Homo sapiens sapiens) bere adimenaren eraikuntzak proiektatzeko ahalmena lortu zuen eta horrekin batera anbizioa. Proiekzioa geroarekin lotzen da, berez gerokoa errealitate hutsala da eta proiekzio horri gehitzen badiogu fikzioa, giza-lehergailu bat osatu dugu.
Gizakion adimen naturala mugatua da kapazitatean eta abiaduran, nahiz eta bat oso azkarra izan. Gizakiak duen anbizioari eusteko bere adimen naturala motz geratzen zaio eta adimen gehigarri bat, laguntzaile bat asmatzea pentsatu zuen. Adimen artifiziala gizakiak asmatutako tresna bat da. Hasieran konputagailuak ziren —Frank Gehry-ren lantaldeak urteak eta urteak beharko zituzten modu analogikoan Guggenheim bezalako eraikin aldrebesaren kalkuluak egin ahal izateko, konputagailuak eta koheteentzako diseinatutako programa bat izan ez balituzte— ondoren etorri ziren beste tresnak. Adimen artifiziala bezala 1956tik ezagutzen da tresna berri hau.
"Dakidana da gutxi batzuen eskuetan dagoela eta hauen artean filosoforik eta poetarik ez dagoela"
Adibide txiki bat jarriko dut hau dena azaltzeko. Antzina leku batetik bestera mugitzeko hankak erabiltzen genituen, ez zitzaigun besterik bururatu. Halako batean, beste izaki batzuk erabiltzea bururatu zitzaigun geure mesedeetarako, baldin eta gertuan bagenituen: astoa, zaldia, elefantea, gamelua... Geroago, tresnak asmatzen ere hasi ginen: bizikleta —uste dut, asmatutako tresnarik garrantzitsuenetakoa dela, bere pisua den baino hamar aldiz gehiagoko zama garraiatzeko tresna—, baporezko garraio tresnak, motorrak, autoak, hegazkinak… Denak joan-etorriak egiteko gure hanken luzapenak dira, garraio tresnak. Baina… tresna hauek denak gidatu, kontrolatu egin behar dira. Motoan bazoaz eta bihurgune batean ez baduzu kontrolatzen bere abiadura pikutara zoaz.
Baina zer gertatzen da gizaki guztiok, nahita edo nahi gabe, hegazkin batean bagoaz eta ez baditugu ezagutzen gidariak. Hegazkin berean gaudela badakigu, baina nora garamatzan, ez. Nork daki adimen artifiziala nork gidatzen duen, nork kontrolatzen duen. Dakidana da gutxi batzuen eskuetan dagoela eta hauen artean filosoforik eta poetarik ez dagoela. Denak diru zikinaren eta boterearen gizatasun gutxiko mamuak direla.
Historian zehar beti izan du informazioak garrantzia, baina gaur adina inoiz ez. Gaur egun informazioa eta boterea eskutik doaz eta informaziorik gehien duen nazioa da boteretsuena. Ikusi besterik ez dago AEB eta Txinaren arteko borroka nolakoa den, mundu globalizatu honetan nagusitasuna lortu nahian.
Adimen artifiziala gizakiak sortu du eta baliagarria izan daiteke, baldin eta, denon artean kontrolatzeko gai bagara, bihurguneak, "bihurriguneak" abiadura egokian eta kontuz hartzen baditugu. Aldaketa klimatikoak, udaberri, uda eta udazkenak, beroak, euri faltak... zerbaiten ondorioak dira. Googlek zentral nuklear oso bat behar du bere gastu energetikoak asetzeko eta horretan dabil.
Iñaki Lasa.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.