Byung-Chul Han filosofo korearrak Gizarte aringarria liburuan sakon hitz egiten du minaren inguruan. "Algofobia" hitzak minarekiko beldurra adierazten du, eta hiltzear dauden gaixoek zainketa aringarriak jasotzen dituzten bezala, gizartea ere, algofobia gaixotasunez jota, gizarte aringarria bihurtu da. Algofobia soziala: eztabaidak saihestea liskar mingarriak gerta ez daitezen; algofobia politikoa: adostasuna, bat-etortzea, kontsentsua, demokrazia aringarria. Erreforma sakonak mingarriak bihur daitezke, eta, beraz, politika aringarriak ez du adorerik minari aurre egiteko. Hau da, hain zuzen, egun hauetan politika fiskalaren inguruan sortu den anabasaren zergatia.
Aurtengo apirilaren 21ean blog honetan idatzi nuen Zerga-sistema eta iruzur fiskala artikuluan esandakoa berresten dut. Azken egun hauetako zergen igotzearen edo jaistearen aldeko polemikak hitzezko jokoak baino ez dira, hauteskunde-oportunismoa, merkealdiko zozketa lotsagabea. Ez da serioa alderdiek eta gobernuek eman diguten ikuskizuna. Hainbeste folkloreren ordez, hobe litzateke batzuk zein besteak arazoaren errora joango balira, eta benetako apustua egingo balute sistema fiskal berri baten alde, dugunarena baino justuagoa, progresiboagoa, iruzurraren eta ezberdintasun gero eta handiagoaren aurka zuzendua.
Hilabete batzuk dira Sanchezen gobernuak fiskalitate teknikariez osatutako taldea eratu zuela indarrean dagoen fiskalitatearen sistema azter zezan eta sistema berri baten aldeko proposamenak egin zitzan. Ez dugu berririk izan talde tekniko horrek egin duen lanaren inguruan. Aipatutako artikuluan nioenez, ba al du gobernu batek ahalmena eta ausardia nahiko tamainako aldaketa abian jartzeko eta burutzeko? Ez gara algofobia politikoaren beste kasu baten aurrean egongo sistema fiskal ausart bat mingarria bihur dakiekeelako ahaltsuen eta aberatsen begiei?