Behin baino gehiagotan gertatu zaigu, errepideen mantentze-lanak direla eta, trafikoaren moteltzeak sortzen dituen karabana luzeak pairatu beharra. Batzuetan lan xumeak dira, baina bestetan sakonagoak, asfaltatze lanak kasu. Orduan ikusten ditugu langileen baldintza gogorrak: 35 graduko tenperatura giroa, eguzki goripean makinatzar batek zabaltzen duen asfalto bero eta ketsuaren hondarrak garbitzen, asfaltoari darion lurruna arnastuz. Ez da egiten duten lana prestakuntza handikoa izango baina, bai, ordea, lan neketsua, osasungaitza eta gogorra. Zenbatekoa izango da jasotzen duten hilabeteko soldata? Pairatzen ari garen uda idor eta bero honetan hamarnaka suteen berri izan dugu, eta suhiltzaileen lan nekagarri bezain arriskutsua ikusteko aukera. Jakin izan dugu ere udako denboraldirako kontratatuak izan diren baso-brigaden lan baldintzak eta suteei aurre egiteagatik jasotzen duten soldata mila eurokoa dela. Lekuko izan gara negu gorrian Salburua edo Zabalgana auzoetan etxebizitzak eraikitzen ari diren orubeetan langileek nola egiten dituzten suak obretako egur hondarrekin giro hotzari aurre egin nahian. Hiru kasu besterik ez dira agerian usteko badirela lan gogorrak, nekagarriak, arriskutsuak, osasungaitzak diren arren gaizki ordaintzen direnak.
Soldaten arteko alde handiak justifikatzeko erabiltzen diren argudioak askotakoak dira: prestakuntza, erantzukizuna, estresa, ekimen-gaitasuna, lidergoa, talde-lanerako ahalmena... Baina ez dira hainbeste kontuan hartzen arestian aipatu diren hiru lan moten inguruan biltzen diren baldintzak: neke fisikoa, arriskua, giroa, osasunerako kaltegarria. Oxfam Intermon erakundeak argitaratu duen txostenaren arabera, Ibex 35eko enpresen soldata altuena 123 aldiz handiagoa da batez besteko soldata baino. Eta banan-banan joanez gero, Inditex enpresan ematen da arrakalarik handiena (455 aldiz), Naturgy (424), ACS (388), Red Eléctrica (18), Bankia (15) eta AENA (4). Ez dago inongo justifikaziorik halako aldeak egoteko, eta erabat ulertezina da horrelako zentzugabekeria. Ez prestakuntzak, ez esperientziak, es estresak ezta erantzukizunak ere ezin dute justifikatu halako amildegia. Baina hala da.
Enpresarien iritzien aurka eguneratu izan zen 2022rako lanbide-arteko gutxieneko soldata: 1.000 euro 14 ordainsaritan, 14.000 euro urtean. Iberdrolaren lehendakariak 12 milioi euro jasoko ditu. Prestakuntza, erantzukizun, estresa...? Eta izerdia, beroa, hotza, nekea, arrisku fisikoa? Emazteak eta biok askotan komentatu dugu, iturgina edo igeltseroa etxean izan dugunean, guk egin edo egiten genuen lana baino askoz gogorragoa zela beraiek egiten dutena, eta ez zela hori fakturan era egokian islatzen. Eta gauza bera komentatu genuen baserri baten aurretik igarotzean teilatua konpontzen ari ziren langileen lana begiratzen gelditu ginenean. Uztaila zen, sargoria, hegoaldeko haizea. Zenbat gradutan izango zuen jarrita egun berean aire-girogailua Inditex enpresako kontseilari ordezkariak bere bulegoan?
Modan dago enpresen munduan ESG siglak batzen dituen irizpideak (Environmental, Social and Governance). E:hondakinak, kutsadura, negutegi-efektua sortzen duten gasen isurketa, klimaren aldaketa...; S: langileen kudeaketa, lan baldintzak, segurtasuna, osasuna...; G: zuzendarien ordainsariak, estrategia fiskalak, ustelkeria, administrazio kontseiluaren konposaketa... Eta hara non denak bihurtu diren ESG enpresa, hau da, aurreko irizpideak kontuan hartzen dituzten enpresak. Arestian aipatutako enpresek, nahiz eta langileen soldaten arteko arrakala izugarria izan, denek defenditzen dituzte ESG irizpideak, eta beraien webgune ofizialetan denak deklaratzen dira ESG enpresa. Argi dago beste greenwashing operazio berri baten aurrean gaudela, garbiketa berdearen antzeko beste marketin kanpaina berri bat. Eta bitartean, soldaten arteko amildegiak bere horretan jarraituko du.