Tourra

Argazkia: Eurosport

Kirolen artean txirrindularitzak duen kontsiderazioa ez dator bat kirol horrek duen gogortasunarekin, ezta eskaintzen duen ikuskizunarekin ere.

Ez naiz praktikatu ez ditudan kirolen jarraitzaile, eta bizikletaz gutxi ibili arren, gustukoa dut Tourreko etapa menditsuen azken aldia telebistaz ikustea, uztailaren 21ean jokatutako etaparen azken 70 kilometroenak kasu. Nire lagun bat pare bat urtetan egon da Pirinioetan Tourreko etapak ikusten, eta, esaten duenez izugarria da errepideen alboetan biltzen den jendetza eta sortzen den giro zoragarria. Edade guztietako lagunak, nazio askotako zaleak lasterketaren bidez bat eginda, norberak bere txirrindulari faboritoaren alde, baina txirrindulari guztiei animoak emanez. Eta ikustera joan diren etapen aurreko egunetan egiten diren afariak, maiz ezezagunekin partekatuak nahiz eta hezkuntza ez ezagutu, gaueko ordu txikiak adiskidetasunez igarotzen, freskagarrien eta edari bizien laguntzarekin. Giro alaia, festa ahaztezina nire lagunaren ustean.

Tourra da, dudarik gabe, ziklismoaren lasterketarik ospetsuena, munduko talde eta txirrindulari puntakoenak biltzen dituen proba. Eta harritzekoa da Amaury Sport Organisation (ASO) Tourra antolatzen duen enpresak egiten duen mota ezberdinetako baliabideen hedapena: ibilbidearen diseinua, lasterketaren logistika konplexua, karreraren jarraipenerako erabiltzen diren bitartekoak, telebistaz mundu osorako egiten den programazio esklusiboa... Argi dago horrelako lehiaketa baten atzean enpresa sendoa behar dela, eta enpresarekin batera, negozio biribila.

Aurtengo uztailaren 21ean jokatutako 18. etapan aukera izan genuen benetako txirrindularitza gozatzeko. Etapa gogorra, kategoriaz kanpoko bi mendate neketsu ibilbidean; Pogacar esloveniarraren azken aukera Vingegaard daniarrari sailkapen orokorraren lehenengo postua irabazteko; UAE eta Jumbo-Visma taldeen arteko lehia bizia. Bi ziklisten arteko borroka epikoa, bi taldeen estrategia. Spandelles portuaren jaitsieran esloveniarraren joera txalogarria Pogacarren eroriaren ostean zain egon zelako biak berriz elkartu arte. Etaparen azken 39 kilometroetan bi taldeen liderren arteko norgehiagoka. Pogacarren etengabeko eraso ausartak, arinak eta bortitzak Vingegaard atzean uzteko ahaleginetan Hautacam mendatearen aldapaz gora. Van Aert taldekidearen lan erabakiorra Pogacar leherrarazteko helburuarekin. Eta, azkenik, Pogacarrekiko minutu bateko aldearekin Vingegaard garaile helmugan. Hustuta kirolari biak kiroltasunez etapa lehiatu ondoren. Taldeari esker gainditu zuela etapa aitortuko zuen irabazleak; daniarra dela onena eta indartsuena dela onartu Pogacarrek.

Kiroltasuna erakutsi dute biek, beste kiroletan gutxitan ikusten den ereduzko portaera. Esloveniarraren ahaleginak erasoan, oldartzailearen gurpilari itsatsita daniarraren bizikleta. Kiroltasunez jokatutako duelua, aspaldian Tour lehiaketan ikusten ez zen ikuskizuna. Gutxi dira txirrindularitza bezain kirol gogor eta sakrifikatuak. Hiru astetan lau orduko etapak, beroa, haizea, euria edo hotza pairatzen, ibilbidea leuna batzuetan, aldapaz gora bestetan. Bizikleta gainean jan eta edan beharra, tentsiopean. Tropelaren babesean edo bakardadean, mendateen jaitsieraren arriskua, esprintetako urduritasunak. Harrigarria da kirolari hauek duten gaitasuna bi etapen arteko tartean errekuperatzeko, aurreko egunean egindako berrehun kilometroek inongo eraginik ez balute bezala daudelako hurrengo goizean etaparen hasieraren zintaren atzean, beste berrehun kilometro egiteko prest. Txirrindularitzan ez dago estadiorik, estadioa errepidearen alde biak dira, eta bertan pilatzen diren milaka zaleek ez dute sarrerarik ordaintzen. Futbolean, aldiz, zelaira sartzeko sarrera ordaindu beharra dago. Azken finean, entretenimendurako ikuskizunak dira biak, eta batak besteak baino aurrekontu eskasagoa duenez, Pogacarrek Messik baino diru gutxiago irabaziko du eta, bestalde, ez da hedabideetan futbolari argentinarra beste azalduko. Kirol profesionala entretenimendurako industria bihurtu da, negozioa. Dena den, nago txirrindularitzak kirolen artean duen kontsiderazioa ez datorrela bat kirol horrek duen gogortasunarekin ezta eskaintzen duen ikuskizunarekin ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago