Britainiarrak

"Britainiarrak, beti britainiarrak"

Erretiroa hartua duen maisu izandako lagun batek, gelako ikasleak lauzpabost taldetan bildu ondoren, luzera ezberdinetako hurritz makilak banatzen zituen taldeen artean taldeka neur zitzaten gelaren, ikasmahaiaren, arbelaren edo zoruko baldosen luzera eta zabalera. Ariketa bera oinekin eta besoekin egin ostean, berriz biltzen zituen ikasleak taldeek lortutako emaitzak erka eta azter zitzaten. Hiru ziren maisuaren helburuak: batetik, erakustea erabilitako edozein neurgailuk, makila edo besoaren luzera izan, balio zuela luzera neurtzeko; bestetik, batzuk besteak baino erosoagoak eta aproposagoak zirela agerian uztea; eta, azkenik, garrantzizkoena, neurrien artean sortzen zen anabasa saihesteko neurgailu bakarra erabiltzearen abantaila erakustea.

Gizateriaren hastapenetatik ikusi zen neurketa sistema baten beharra salgaien trukeak egin ahal izateko. Erreza zen ahuntzak edo oiloak zenbatzea, zailagoa, ordea, olioa edo gari aleak kontatzea. Egiptoarrek gorputzaren atalak erabili zituzten luzeera unitatetzat. Herrialdeen arteko salgaien trukeak zabaldu ahala, gero eta nabariagoa zen neurketa sistema bera erabiltzearen beharra. Helburu hori lortzeko gobernuek homologazio eta normalizazio bidean hartu zuten hainbat erabaki. Hala ere, XIX. mendera arte neurketa-sistema ugariek gatazkak sortu zituen merkatari, hiritar eta fiskal funtzionarioen artean. XVII. mendean hasitako unitateen sistema unibertsal baten saioek ez zuten fruiturik eman, Frantziako Luis XVI erregeak batzorde zientifiko bat sortu arte, zeinek, Lavoisier kimikari ospetsuaren gidaritzapean, eratu zuen sistema metriko hamartarra. Frantzian 1795. urtean indarrean sartu zen sistema berria, eta, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan izan ezik, esan daiteke mundu osoan zabaldu zela bai merkataritzan zein zientziaren munduan ere.

Britainiarrak britainiarrak direnez gero, Erresuma Batuak eta bere seme kutun AEBek ez zuten amore eman nahi, eta ez zuten ofizialtzat hartu mundu osoan ofiziala izan zen neurketa sistema hamartarra, gaur egun Nazioarteko Neurketa Sistema bihurtu dena, eta Sistema Inperiala edo anglosaxoiarekin jarraitu zuten, bere hazbete, akre edo galoiekin. Hala ere, esan beharra dago nahiz eta gaur egun ofiziala ez izan AEBetan Nazioarteko Neurketa Sistema, 1970. urtetik gero eta erabiliagoa dela hezkuntza, zientzia, teknologia zein industria munduan. Erresuma Batuaren kasuan, Europa Batasunean sartu zenetik behartua egon da hainbat arlotan Nazioarteko Neurketa Sistema erabiltzera, hala nola, osasun eta ekonomiaren arloetan edo eragiketa administratiboetan.

Non jarri betiko neurketa unitateen erabileraren eta normalizatuen erabileraren arteko muga?

Ez dago zalantzan jartzerik normalizaziok eta estandarizazioak beharrezkoak eta onuragarriak direla bizi dugun mundu global honetan, eta, Nazio Neurketa Sistema da adibide paradigmatiko bat. Baina, era berean, egia da ere herrialdeetan erabiltzen ziren unitateak galtzen joan direla. Gogoan dut nire amak azunbrea erabiltzen zuela esnearen kantitatea neurtzeko, edo libra irinaren pisua neurtzeko. Betiko kontua: alde batetik irabazten dena bestetik galtzen da. Non jarri betiko neurketa unitateen erabileraren eta normalizatuen erabileraren arteko muga, litroa eta azunbrearen arteko muga, azunbre hitza gal ez dadin, lokalaren eta globalaren arteko oreka berma dadin? Edo galdutzat jo beharko ditugu mundu zabaleko herrialdeetan luzaro erabili diren unitateak eta hitzak?

Ez dut uste horrelako hausnarketak Brexitaren aldeko kanpainaren liderra izan zen eta orain gutxira arte lehen ministroa izandako Boris Johnsonek egin dituenik Neurketa Sistema Inperialera bueltatzeko eskatu duenean, Brexit sakonagoaren aldeko bidean beste pausu bat emanez, eta, beraz, hazbetera, akrera edo galoira bueltatuz. Inperio Britainiar galduaren nostalgia agian, izan ziren baina ez direnaren bihozmina? Dena dela, egoskorkeri britainiar horrek badu ere positibo den puntutxoa, asertibitatearekin lotura duena, besteenarekiko bereizten digunaren aldeko apustua. Britainiarrak, beti britainiarrak. Euskaldunak, beti euskaldunak?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago