Trantsizioak

Arg: Pixabay

Soziologo batzuen iritziz, lau motatako adin hartu beharko genituzke kontuan: adin kronologikoa, biologikoa, soziologikoa eta tanatologikoa.

Hona hemen Euskaltzaindiaren Hiztegiak "trantsizio" hitzari ematen dizkion bi adiera: Egoera jakin batetik beste batera igarotzea; bi egoeraren arteko egoera. Bietan zerbait aldatzen edo mugitzen ari dela adierazten du trantsizio hitzak. Luzeak batzuk, laburragoak besteak; isilak edo gatazkatsuak; ezkutuak edo agerikoak.

Historialari batzuen iritziz, Espainiako Trantsizio Politikoa 1976. urtearen (Franco hil zen urtea) eta 1982. urtearen (PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi zituen urtea) artean garatu zen. Zazpi urte intentsitate politiko handikoak, armadaren eta botere faktikopean bideratutako prozesua; ondo eginiko trantsizioa batzuen iritziz, Espainia benetan modernizatzeko aukera galdua besteen ustean. Trantsizio politikoa.

Adrian Almazan egileak bere Técnica y Tecnología liburuan sakon aztertu du teknika eta teknologiaren arteko iragate luzea. Teknika: objektu zehatz eta jakin batzuk egiteko eta erabiltzeko ahalmena, objektu teknikoak hain zuzen, eta fabrikazio edo erabilera horiekin lotuak dauden ezaguera bereizezinak. Teknologia: gizarte moderno eta kapitalisten teknika esklusiboaren forma berezia. Teknikatik Teknologiara bide luzean mugarri batzuk aipagarriak dira: kristautasuna (monasterioak, ora et labora); Errenazimentua; Galileo (zientzia teknozientzia bihurtzeko hasierako pausuak); Bacon (arte mekanikoen bidez Natura gure zerbitzura jarri beharra, gizateriaren aurrerabide ekonomiko eta sozialaren alde); Ilustrazioa eta Entziklopedia; XVIII eta XIX. asmakizunak: lurrun-makina, trena, elektrizitatea, telegrafoa...; XX. mendearen teknologiak. Egilearen ustez, aurrerapen mugagabearen helburuaren, teknologiaren arrazionaltasunaren eta naturarekiko nagusitasunaren ideiak sasiarrazionalak eta sasinagusiak bihurtu dira kontuan hartzen baditugu kapitalismo teknologikoaren ondorioak (klimaren aldaketa, Seigarren Suntsipena, mineralen eta energiaren iturrien agorpena...). Trantsizio teknologikoa.

Hiru trantsizio ziren lehen pertsona batek egiten zituenak bere bizitzan zehar; gaur, aldiz, trantsizioak pilatzen joango dira

PCCren azken txostenaren harira duela urtebete idatzi nuen artikuluak honela zioen: "Eta argi utzi du txostenak, batetik, tenperaturaren igoeraren erantzukizuna gizakiarena izan dela; bestetik, orain arte atmosferara isuritako berotegi-efektua duten gasen eragina itzulezina dela, nahiz eta gaurtik aurrera isurketak zerora jaitsi; eta, azkenik, hemendik aurrera, CO2 isurketa gutxitzeko orain arte hartutako neurriak baino erabatekoagoak eta ausartagoak hartu ezean, 2030 urterako, hipotesi baikorrenean eta espero zenaren aurka, industriaurreko garaiko tenperatura baino 1,5 gradu altuago izango dela. Hipotesi ezkorrenean, aldiz, 2040 urtean 1,6 gradukoa izango da aldea". Klimaren aldaketa gutxitzeko hartu beharreko neurrien artean, energia trantsizioarena da garrantzizkoenetako bat, hau da, deskarbonizazioaren bidea, energia fosiletatik energia berriztagarrietara igaratea. Hartutako akordioak hartuta, egindako nazioarteko bilerak eginda -Glasgow hirian egin den azkena kasu-, IPCC txostena ez da batere lasaigarria. Bestalde, Europako Batasunak hartutako erabakia energia nuklearra eta gasa energia berde kategorian sailkatuz, kezkatzekoa da. Ukrainako gerrak sortu duen krisi energetikoa ikatzera bueltatzea ekarriko du hainbat herrialdetan, Alemanian kasu. Energia trantsizio zapuztua?

Hiru belaunaldi nahikoak izan dira gure artean gertatutako trantsizioa gerta zedin, soziologikoki sinesduna zen gizartea, axolagabea, agnostikoa edo ateoa bihurtu baita. Orduko garaietan ateoa edo agnostikoa izatea, militante izatea zen, haizearen kontra ibiltzea, aldapa gorazko bidea egitea. Gaur, aldiz, naturaltasunez bizi da erlijioaren aurrean axolagabea, eta, sinesduna da orain militante bihurtu dena. Edozein gazteri galdetzen badiogu Erramu-igandean zer ospatzen den edo Abuztuaren 15ean, ez dute erantzuten jakingo. Gizarte erlijioso edo sasi erlijiosoa zen duela hirurogei urtekoa, gaur, ordea, erabat laikoa; bizitzaren ikuspegi transzendentea ordukoa, inmanentea oraingoa. Trantsizio soziologiko-erlijiosoa.

Hiru ziren pertsonak bizitzan egiten zituen etapak: ikasketen garaia, lanaren aldia, eta, azkenez, erretiroaren denbora. Asko aldatu dira azken garai hauetan pertsona batek bizi dituen edo biziko dituen trantsizioak. Ohikoa da gaur egun urte gutxian ikasketak amaitu, langabezian egon, lanaldi labur baten ostean berriz ikasketara bueltatu, eta, berriz lanean jardutea. Hiru trantsizio ziren lehen pertsona batek egiten zituenak bere bizitzan zehar; gaur, aldiz, trantsizioak pilatzen joango dira, lanaren mundua gero eta prekarioagoa bihurtu delako eta, teknologien etengabeko aurrerapenek bultzatzen dietelako langileei formazio iraunkorrera. Beraz, formazioa, lana, eta langabezien arteko trantsizioak gero eta gehiago izango dira, eta gure belaunaldiak ezagutu zituen trantsizioak lotuak bazeuden pertsonaren adina kronologikoarekin –haurtzaroa eta gaztaroa formazioarekin, lanaldia helduaroarekin, erretiroa zahartzaroarekin– badirudi edade kronologikoaren erreferente hori apurtu edo apurtzen ari dela, eta, soziologo batzuen iritziz, lau motatako adin hartu beharko ditugula kontuan: adin kronologikoa, biologikoa, soziologikoa eta tanatologikoa. Jaiotzaren urtea du erreferentzia lehenengoak, egoera psikofisikoa bigarrenak, gizarteak adin bakoitzari ematen dion funtzioa eta kontsiderazioa hirugarrenak, eta, azkenik, heriotza gertatuko den arteko bizitzaren tartea laugarrenak. Azken hau izango litzateke azken eta behin betiko trantsizioa. Norbanakoaren trantsizioak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago