Euskaltzaindiaren hiztegiak bi esanahi ematen dizkio militarismo hitzari: bat, gizartean armada edo erakunde militarrak nagusi izatea; bi, armadan oinarritzen den politika-sistema. Eta militarismoa neurtzeko estatuen aurrekontuetan armadak duen pisua egiaztatzea besterik ez da behar. Hona hemen Statista web orrialdetik ateratako aurtengo datu adierazgarriak: AEB 801.000 milioi dolar; Txina 293.000 milioi; India 76.600; Erresuma Batua 68.400; Errusia 65.900; Frantzia 56.000; Alemania 56.000. Eta gastu hori estatu bakoitzeko Barne Produktu Gordinaren arabera ordenatuko bagenu, hona hemen emaitza: Errusiak bere Barne Produktu Gordinaren %4,3 dedikatzen du armadarako; Ameriketako Estatu Batuek %3,7; Indiak %2,9; Erresuma Batuak %2,2; Frantziak %2,1; Txinak%1,7; Alemaniak %1,4. Mundu osoko armaden aurrekontuak lehenengo aldiz bilioi bateko langa gainditu zuen 2021. urtean.
Si vis pacem para belum izan da historian zehar munduak jarraitu duen leloa. Emaitzak zorigaiztokoak izan arren, XX. mendearen Munduko bi Gerrak dira adibide paradigmatikoak, Vegezio erromatarrak laugarren mendean idatzitako goiburuak inoiz baino indar gehiago omen du gaur egun. Donostiako San Telmo museoan joan zen maiatzaren 5ean enbaxadore izandako Jose Antonio Zorrillak XXV Giza Eskubideen Ikastaroetan emandako hitzaldian zioenez, nazioen arteko harremanak botere harremanak dira. Ukrainaren inbasioak, nazioen arteko zuzenbidearen arauen guztiak zapalduz, agerian utzi du beste behin, enbaxadorearen baieztapena. Eta Vegezioari jarraituz, Danimarkak aldatuko du Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko posizioa, Finlandiak eta Suediak apurtu dute zuten neutraltasuna IAIEan sartzeko eskaera onartu ondoren, eta Alemaniak nabarmen gehituko du armadaren aurrekontua. Errusiak Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko mesfidantzak ekarri badu Ukrainaren gerra, Danimarka, Finlandia, Suedia eta Alemaniaren Errusiarekiko mesfidantzak ekarriko du IAIE indartzea. Berriz ere, Si vis pacem para belum. Baina zergatik tematzen gara arma-eskalada horretan historikoki probatuta geratu denean eskalada horrek hondamendira eraman gaitzakeela? Zergatik ez Vegeziok esandakoari osoko zuzenketa eginez, Si vis pacem para belum ordez, Si vis pacem para pacem? Inuzenteegi nintzateke ahantziko banitu Zorrillaren hitzak, zeren eta nazioen arteko harremanak boterean dute oinarri eta ez, ordea, itunean, zuzenbidean, etikan edo justizian. Interes asko dira bitartean daudenak, geopolitikoak, estrategikoak edo ekonomikoak besteak beste. Goian aipatutako bilioi horietariko zenbat mila milioi dolar doaz zuzenean industria militarrera? Ukraniaren gerra hasi zenetik industria militarraren enpresen kotizazioa %20 igo da.
"Baina zergatik tematzen gara arma-eskalada horretan historikoki probatuta geratu denean eskalada horrek hondamendira eraman gaitzakeela?"
2019. urteko martxoaren bigarren hamabostaldian Getxon porturatu zen Espainiako Armadaren Juan Carlos I hegazkin-ontzia. Hiru ziren orduan otu zitzaizkidan begiradak. Batetik, Armada euskal kostan agertzea ez zen gutxiesteko kontua: hemen gaude, gure mendekoak zarete, ibili kontuz, Katalunian gertatutakoa Euskadin gertatzen bada, hemen izango gaituzue eta. Oharra, besterik gabe, nor den nor adieraziz. Aste batzuk lehenago Lezon armadak egindako maniobrak, inori baimenik eskatu gabe, bide bidetik zihoazen: Espainiaren batasunaren bermatzaileak gara. Berriz ere boterean, hau da, indarrean, oinarritutako harremanak.
Beste begirada. Adin guztietako milaka lagun egon ziren zain Getxon hegazkin-ontzia bisita egiteko esperantzaz. Ez da egunero horrelako ikuskizuna doan ikusteko aukera egoten eta, lauzpabost ordu errenkadan zutik zain egon ondoren, pozik ontziratu ziren eta pozago atera gerra-ibilgailu eta arma mota ezberdin ikusi ostean. Batzuen interesa teknologikoa izango zen, abagune interesgarria armagintzaren azken berriak ezagutzeko. Besteena, aldiz, goiza entretenigarria pasatzeko aukera, edo emakume batek aitortzen zuen moduan "nahiz eta sinestun ez izan Burgosko katedrala ikustera joaten den erara, gerra-itsasontzia ikustera ere joan daiteke". Izango ziren ere espainoltasunaren sentimenduz bultzatuak, emozioz beterik, bat etorriko zirenak Nafarroako UPNren Esparza buruzagiarekin, Bardenas inguruan aurreko egunetan egin ziren maniobra militarren aurkako manifestazioa zela eta, Espainiako armada izan beharrean euskalduna izan balitz, ez zela manifestaziorik egingo esan zuenean.
Eta, azkenez, kontrapuntua. Hamarkada gutxi batzuk osatzen zuten manifestazio bakezalea, zeintzuk, ontziaren aurrean etzanda, armagintzaren eta gerren aurka protesta baketsuan ari baitziren. Horra hor aldea: milaka pertsona hegazkin-ontzia ikusi zuten bitartean, hamarkada gutxi batzuk armagintzaren eta gerraren aurkako protestaldian. Interesen jokoak aipatu ditut arestian, kritikotasunaren eza oraingoan.