Aisialdia

Eta pentsatu dut, nire burua zuritzeko, agian diziplinaren garaia gainditua dudala, lan garaiko kontua dela diziplina eta ez, ordea, erretiroarena.

Duela pare bat hilabete elkar ikusi gabe urteak generamatzan lagun batekin bazkaltzeko aukera izan nuen. Banekien betidanik gizon ordenatua eta sistematikoa zela, baina estudianteak ginen garaiko kontuei gogoratzeari, bion bizitza profesionalei errepasatzeari eta jubilatuta generamatzan urteetan bizitakoari buruz hizketan ordu batzuk eman ondoren, uste nuena baino flematikoagoa zela iruditu zitzaidan.

Ekonomialari formazioz, pare bat urtetan hemengo enpresa txiki batean lanean egon ondoren, Madrilen eman zuen bere bizitza profesionala multinazional enpresa batean jubilatu zen arte. Harro zegoen bere karrera profesionalarekin zituen hiru helburuak bete zituelako: gizarteari bueltatu ziolako gizarteak estudiante garaian eman ziona, profesionalki eta pertsonalki garatzeko izan zuen aukera ondo aprobetxatu zuelako, eta, azkenez, irabazi zuen soldatari esker, gai izan zelako hilabeteroko gastuak inongo arazorik gabe bideratzeko eta, gainera, ondaretxo bat egiteko.

Komentatu nion zorioneko profesionala izan zela, gutxi baitira hiru helburu horiek lortzen dituztenak, gure adineko asko ikasteko aukerarik gabekoak izan direla, pertsona askorentzat pertsonalki hazteko baino gehiago aspertzeko edo sufritzeko balio izan diela lanak eta, gehiegik estutasunak ere izan dituela hilabete amaierarako heltzeko. Honen inguruan gure eztabaidatxoak izan ondoren, bere erretiro aldia nola planteatu zuen jakin nahi izan nuen.

Lan aldirako hiru helburu izan bazituen, erretiro aldirako beste horrenbeste zituela esan zidan: boluntariotzaren bidez gizarteari bueltatu gizartearengandik jasotakoa, asti librea pertsona moduan hazteko aukera baliatu, eta, azkenik, jasotako pentsioaren eta aurreztutako diruarekin bitartez estutasunik gabe bizitzea. Harritu egin ninduen erretiro aldirako egiten zuen planteamenduarekin: zehatza, arrazionala eta sistematikoa.

Argi neukan tipo flematiko baten aurrean nengoela, denbora librearen erabilera onuragarriaren berezitasun batzuk aipatu zizkidaneanHauexek lirateke, nire lagun ordenatuaren iritziz, denbora librearen onuragarritasuna neurtzeko sei -sei, hain zuzen- ezaugarriak: planifikatua, gustukoa, aberasgarria, askotarikoa, partekatua eta ebaluatua.

  • Planifikatua: maiz astia alferrik galtzen dugu denbora planifikatu ez dugulako, eta galera hori , bistan dago, onuraren arerio zuzena bihurtzen zaigula. Planifikatzeak duen abantaila da aurretik finkatutako helburuekin lotzen dugula gure astiaren erabilera onuragarriago gerta dadin.
  • Gustukoa: hau da aste librearen eta eginbeharraren dagoen alde nabariena. Denbora librea disfrutatzeko da, aisialdia gozatzeko unea, betetzen gaituena gustura egiteko, sentsualitatea eta gozamena sentitzeko, edo, baita ezer ez egiteko garaia ere. Denbora pasatzen ez dela konturatzen garen bakoitzean gustura ari garela seinale.
  • Aberasgarria: osasun osotasunerako baliagarria izan beharko luke aisialdiak , osasun fisikoa zein psikologikoa kontuan hartuz; hazkuntza pertsonalarekin estu lotua; sentsibilitatea irabazteko, norberaren barnekotasuna sustraitzeko, landugabeko hutsuneak osatzeko.
  • Partekatua: norberekoikeriatik urrunduz, badaude aukerak elkartasuna lantzeko boluntariotzaren bidez edo beste lagunekin momentu gozoak elkarrekin disfrutatzeko. Ez da soilik guk ematen duguna baizik eta besteengandik jasotzen duguna aintzat hartzekoa. Nire laguna astean bi goizetan hurbiltzen da bere auzoan dagoen Elikagaien Bankuko bulegora kontabilitate lanetan laguntzera.
  • Askotarikoa: azalkeriarik gabe baina ekintza ezberdinez osatutakoa -musika, antzerkia, zinema, erakusketak, kirola, bidaiak, irakurketa, idazketa... - non, lagunak zioenez, behin baino gehiagotan, konfort gunetik haratago, eguneroko monotoniaren eta erosotasunaren aurka borrokatu beharko dugun.
  • Ebaluatua: lagun ekonomialari baino filosofo baten aurrean nengoela pentsatu nuen, Sokrates aipatu ondoren, bizitzak, azterketarik gabe, ez omen duelako zentzurik, eta, beraz, komenigarria dela planifikatuaren eta egindakoaren arteko bateragarritasuna jakitea hurrengoetan beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Interesgarria iruditu zitzaidan nire lagunak aisialdia planifikatzeko erabiltzen duen gida zehatza. Saiatu naiz bazkaria izan genuenetik nire bizitzan aplikatzen, baina aitortu behar dut ez dudala inondik inora lortu, nire laguna bezain flematikoa ez naizenaren  seinale. Eta pentsatu dut, nire burua zuritzeko agian, diziplinaren garaia gainditua dudala, lanaren aldiko kontua dela diziplina eta ez, ordea, erretiroarena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago