Urak nahasita datoz Espainiako politikan katalan eta euskal politikari batzuk espiatuak izan direla jakin dugunetik. Salaketak, informazio gutxi, argitasun gutxiago, zalantzak, erdi azalpenak, elkarrekiko konfiantzaren haustura, gobernuaren krisia, CNI erakundeak jokatu duen zalantzazko papera. Larria izan da politikoen espioitza, eta larria ere Sanchez eta Robles espiatuak izan direla jakitea; ezagutu ditugun espioitza kasuen inguruan sortu den zarata mediatikoa eta itxurazko ustekabea badu artifizialtasun puntu bat, badakigulako estatuen informazio zerbitzuen eguneroko praxia dela espioitza, eta jarraituko duela izaten. Nazioen arteko elkarrekiko konfiantza eza da espioitzaren funtsa, lagunak direla eman arren areriotzat jotzen baitira praktikan. Espioitzaren helburua aurkariaren informazioa lortzea da, arerioaren helburuen berri jasotzea, etsaiaren planak zapuzteko beharrezkoak diren informazioak bereganatzea. Informazioa, eta gaur inoiz baino gehiago, boterea da.
Errezelek ematen duten babesa aprobetxatuz, bere auzokoak egiten duena jakin nahi duen zelataria espioitza lanetan ari da; bere plazeretarako beste baten intimitatea inbaditzen duen voyeurra, azken finean, zelatari bihurtzen da; paparazzi batek ezkutuan lortzen dituen argazkiak espioitzaren fruituak dira; emazteak detektibe bat kontratatzen duenean senarraren jarraipena egin dezan espioi zerbitzuak kontratatzen ditu. Beraz, pertsona baten borondatearen aurka era ezkutuan informazioa lortzea, espioitza da. Hala ere, ez dira aurrekoak espioitza kasu larriak, eta ez dute balio izan John Le Carré-ren Hotzetik sortutako espioia bezalako eleberriekin genero literario bat sortzeko. Beste mota bateko espioitza du oinarri espioitza generoak bai nobelagintzan zein zinemagintzan, espioitza industriala edo politikoa hain zuzen. Epaitegietan jarraitzen dute BBVA eta Iberdrola espioitza kasuek epaien zain. Merkel, Macron, Johnson edo Sanchez politikoak espioitzaren jomugan egon dira.
Xantaiaz eta eroskeriaz baliatuz, infiltrazioaren eta sarketaren teknikak erabili dituzte espioiek bere lana bideratzeko. Infiltrazioaren kasuan, espioiak aurkariaren antolamenduan lortuko du sartzea, eta behin bertakoen konfiantza irabazita, gai izango da sator lana eginez baliogarria izango den informazioa jasotzeko. Sarketaren teknikak, aldiz, eroskeriaren bidez arerioaren antolamenduaren partaide baten laguntza lortuko du, eta beraren bitartez, antolamenduaren puntu kritikoen informazioa jasoko. Gaur egun, espioitza klasikoa espioitza teknologikoa bihurtu da. Israeleko NSO Group enpresak sortu zuen Pegasus programa informatikoa gai da hizketaldiak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrean sartzeko, pantaila-kapturak egiteko, kamera eta mikrofonoa urrutiko kontrol bidez aktibatzeko edo pertsona batek Apple, Google, Facebook, Amazon eta Microsoft hodeietatik eskegita dituen datu guztiak jasotzeko. Zibersegurtasuna bihurtu da gaur espioitza teknologikoari aurre egiteko neurririk garrantzizkoenetako bat. Dena dela, NSO Group enpresak dioenez, Pegasus programa gobernuei soilik saldu omen die. Nire zalantzak ditut. Hala izanda ere, bitxia litzateke Ukrainak eta Errusiak, Ipar Koreak eta Hego Koreak, edo Pakistanek eta Indiak Pegasus programa eskuratu balute.
Zenbat dira Central Intelligence Agencyaren munduko amerikar enbaxadetan lan egiten duten agenteak? Edo Centro Nacional de Inteligenciaren funtzionario Espainiak mundu zabalean dituen enbaxadetan? Espioitza espioitza da, bai estatu barnean egiten dena zein beste estatuetan. Batzuetan epaileen baimenarekin, beste batzuetan baimenik gabe. Beraz, ez gaitezen inuzenteak izan, ezta harridurazko aurpegi inpostatuak jarri ere, Estatuaren arrazoia da-eta jokoan dagoena.