Heldu zaigu errenta aitorpenaren garaia. Eskuina fiskalitate zama gutxitzearen aldekoa da, eta PP eta Vox alderdiak bat datoz politika horrekin, zerga guztiak murriztearen aldekoak ageri baitira. Ezkerrak, ordea, justu kontrako jarrera adierazten du, eta gehiago dutenek gehiago ordaindu beharko luketela defendatzen du. Dituen gastuak bideratu ahal izateko bi diru sarrera ditu estatuak: zergak eta zor publikoa. Liberalek diotenez, dirua estatuaren eskuetan baino hobeto omen dago herritarren sakelean; beste era batera esanda, salba dadila ahal duena; duenari gehiago eman eta kendu ez duenari; eroso bizi denari bultza eta hilaren amaierara heltzeko larri dabilenari estutu. Benetako sozialistek, aldiz, behartsuen alde joko dute, klaseen arteko aldeak eta ezberdintasunak murriztu nahian. Bi politika, ikuspuntu eta begirada kontrajarriak. Norberekoikeria batean, elkartasuna bestean.
Thomas Piketty ekonomialari frantziarrak sakon aztertu du aberastasunaren banaketaren prozesuak idatzitako Kapitala XXI mendean eta Kapitala eta ideologia bi liburu marduletan. Bere iritziz, jabetza pribatua gizarte-harremana da, eta, beraz, arautua izan beharko litzateke. Pertsona batzuek ondasun jakin batzuen gainean dituzten eskubide natural eta bortxaezinei hertsiki lotutako jabetza pribatu bat existitzeko dioen ideia ez da zuzena. Ondasunen metaketa beti da giza prozesu baten emaitza, eta prozesu hori azpiegitura publikoen (lege, zerga eta hezkuntza-sistemak besteak beste), gizarte lanaren-banaketaren eta gizateriak mendeetan metatutako jakintzaren mendekoa da. Beraz, erabat logikoa da ondare nabarmen bat metatu duten pertsonek urtero buelta diezaioten komunitateari metatutakoaren zati bat, jabetza iraunkorra izatetik aldi baterako izatera pasa dadin, jabetza pribatutik jabetza sozialera bidean pausuak emanez.
Piketty jakitun da gaur egungo egoeran bide hori zaila dela, erradikalegia agian, baina ausartzen da Frantziarako proposamen zehatzak egitera, batetik jabetzaren gaineko zerga progresibo baten proposamen bat eginez, eta, bestetik, errentaren gaineko zerga progresibo baterako aukera eskainiz. Egiten duen kalkuluen arabera, lehenengo proposamenaren bidez (ondasun gaineko eta oinordetzen gaineko zergei dagokiena) estatuak nazio-errentaren %5a bilduko luke, hau da, 25 urte duten frantziar guztientzako 120.000 euroko diru saria banatzeko adina diru; eta bigarren proposamena (errentaren gaineko errentari dagokiona) aurrera eramanez gero, estatuak nazio-errentaren %45a jasoko luke: %5 nahikoa litzateke oinarrizko errenta bermatzeko, eta beste %40a Ongizate Estatua lortzeko. Proposamen apurtzailea, probokatzailea agian, baina, bere ustean, zailtasun askotariko bidea izan arren, teknikoki bideragarria, gaur egun aberastasunaren banaketan dagoen ezberdintasun ikaragarrien aurkako benetako neurri erabakigarria. Jabe da Piketty gaur egun utopia dela halako proposamen bat egitea, baina, hala izanda ere, bidearen norabidea erakusteko balio du.
Bere ustez, nahiz eta zailtasun tekniko sakonak egon, ez da gaindiezin arazo teknikoa, baizik eta arazo politikoa, ideologikoa. 2008. urtean hasitako krisi luzearen ondoren, pandemiaren krisiaren ostean eta, Ukrainaren gerraren eragin kaltegarria gainean dugunean, Osasunaren, Hezkuntzaren, Pentsioen, Mendekotasunaren-sistemetan galdutakoa berreskuratu eta indartu, edo Ongizate Estatua gero eta ahulago bihurtu, horra hor parez pare alderdiek aurkezten duten hautabidea. Argi dut nik zein izan beharko litzatekeen politika fiskalik egokiena: berdintasunaren alde joko duena, behardunen egoera hobetzeko bideak zabaltzen dituena, elkartasunaz mamitzen dena, zerga-sistema mailakatua eta progresiboa proposatzen duena, hain zuzen berdintasunaren alde eta Ongizatea bermatuko duen sistema: Pykettyk proposatzen duen bidetik doan zerga-sistema berri bat. Behin zerga-sistema berria ondo finkatu ondoren, behin jakinda zeintzuk diren ordaindu beharko dutenek eta ordaindu beharko dutena, ziurtatu beharko da ere ordaindu beharko duten guztiek dagokien guztia ordainduko dutela. Bi dira, orduan, politika fiskalaren zutabeak: zerga-sistema justua eta iruzur fiskala saihesteko ikuskaritza sistema ahaltsua. Zerga-iruzurra izugarrizkoa da Espainian eta Euskal Komunitate Autonomoan. Espainiako Ogasunaren Ikuskaritzak dionez %25 ra heltzen da, 60.000 milioikoa omen da eta. Dirutza horrekin Ongizatea bermatua legoke eta estatuak duen izugarrizko zorra kitatzen joateko emango luke aukera. Eta harrigarriena, iruzur fiskalaren ingeniaritza erabiliz, iruzurraren %70 enpresa eta familia dirudunei dagokie. Zerga gutxiago ordaintzearen aldekoak dira iruzurtzaile nagusiak!
Argi dago, beraz, zerga-sistemaren eta zerga-ikuskaritzaren aldaketa sakonaren beharra. Galdera da: ba al du gobernu batek ahalmena eta ausardia nahiko tamainako aldaketa abian jartzeko eta burutzeko? Ez al dira, hain justu, iruzurgile horiek, itzalpean, benetan gobernatzen gaituztenak?