Magnitudea fenomeno, gorputz edo substantzia baten atributu gisa definitzen da, kualitatiboki bereiz daitekeena eta kuantitatiboki zehatz daitekeena. Magnitudea neurtzeko ondo zehaztuta dagoen patroi bat erabiltzen da, luzera magnitudearen kasuan metroa izango da unitatea, eta zinta metrikoa neurgailua. Behin patroia zehaztuta eta neurgailua eskuragai, gai izango gara gorputz ezberdinen arteko magnitudeen erkaketak egiteko. Maiz erabiltzen ditugu magnitudeak, unitateak eta neurgailuak gure eguneroko bizitzan: denbora, segundoa, kronometroa; masa, kiloa, balantza; tenperatura, gradua, termometroa...
Kolorearen kasuan, kualitatiboki bereizgarri izan arren, ez zen kolorea magnitudetzat hartu ez zegoelako modurik patroia definitzeko ezta neurgailurik asmatzeko. Oihal urdin batzuen aurrean gai ginen bata bestea baino argiago zela hautemateko, itsaso urdina edo zeru urdina kolorekoak zirela baieztatzeko, baina ez, ordea, kolorea kuantitatiboki neurtzeko, ez genuelako ezagutzen argiaren eta kolorearen fisika. Argiztatutako gorputz orok uhin elektromagnetikoen zati bat xurgatzen du eta gainerakoak islatzen ditu. Islatutako uhinak begiak jasotzen ditu eta garunean kolore ezberdinen gisa interpretatzen dira dagozkien uhinen-luzeren arabera. Oihal urdinak argiaren espektro ikusgaiaren uhin-luzera guztiak xurgatzen ditu, eta 450 nanometroen eta 495 nanometroen arteko luzera duten uhin elektromagnetikoak islatzen, justu gure begiek jasotzen duten espektroaren zatia, kolore urdinari dagokiona hain zuzen. Beste oihal batek 620 nanometroen eta 750 nanometroen arteko luzera duten uhin elektromagnetikoak islatzen baditu, kolore gorrikoa dela esango dugu. Beraz, kolorea magnitude bihurtu zen gai izan ginenean argiaren espektroaren uhin-luzera nanometrotan neurtzeko espektrofotometro neurgailuaren bitartez, kualitatibo mailatik kuantitatibo mailara pausua emanez.
Mina esperientzia sentsorial edo emozional desatsegin gisa definitzen da, benetako kalte tisularrari lotua. Nolanahi ere, kontzeptu subjektibo bat da, eta, beraz ezin da magnitudetzat onartu. Anestesiologoak eta medikuak eskala ezberdinen edo galdetegien bidez saiatzen dira pazientearen mina ebaluatzen, baina ez, ordea, neurtzen, ez dituztelako ez patroirik ezta neurgailurik ere mina neurtzeko. Beraz, ezin dugu bi pertsonek pairatzen duten mina erkatu. Honek ez du esan nahi, kolorearekin gertatu zenaren antzera, ez dela magnitudea bihurtuko. Neurologoen ikerketak agian gai izango dira etorkizunean minaren patroi objektibo bat aurkitzeko eta mina neurtzeko neurgailuren bat asmatzeko.
"Nola neurtu zoriontasuna subjektiboa bada? Berriz egiten dugu topo mina neurtzearekin dugun arazo berarekin: ez dugu ez patroirik ezta neurgailurik ere"
Yuval Noah Harari historialariak dionez, zientziak eta industria iraultzak gizagaindiko botereak eman dizkiote gizateriari eta ia mugarik gabeko energia. Era bat eraldatu da gizadiaren ordena, politikak egin duen bezala, eguneroko bizitzak edo gizakiaren psikologiak. Baina zoriontsuagoak al gara? Gutxitan egiten dute historialariek halako galderarik. Europako inperioen zabalpena milioika afrikar, amerikar eta asiarren kontura egin zen; aldatu egin dugu planetaren oreka ekologikoa aurreikus daitezkeen ondorio kaltegarriekin; sufrimendua eragin dugu milioika animaliengan esperimentazio biomedikoetan eta abeltzaintza industrialaren bidez. Zoriontasun globala ebaluatzen denean, akatsa da klase altuenena bakarrik kontuan hartzea, europarrena edo, agian, aintzakotzat hartu soilik gizakien zoriona.
Ongizate subjektibo gisa definitu dezakegu zoriontasuna. Baina nola neurtu zoriontasuna subjektiboa bada? Berriz egiten dugu topo mina neurtzearekin dugun arazo berarekin: ez dugu ez patroirik ezta neurgailurik ere. Erabiltzen diren galdetegiak saiatzen dira zoriona eta faktore objektiboak korrelazioan jartzen. Badirudi diruak, osasunak, familiak, edo komunitateak laguntzen dutela zoriontasuna lortzeko, baina, antza denez, garrantzi handiago omen du norberaren baldintza objektiboen eta espektatiba subjektiboen arteko korrelazioak. Ba al du zentzurik orduan Hararik egiten duen galdera? Nola jakin, neurtu ezin bada, aurreko belaunaldiak gurea baino zoriontsuagoak izan zirela? Edo gure belaunaldia gure semeena baino zoriontsuagoa dela? Neur daiteke nolakotasuna, kualitatiboa eta subjektiboa dena, zenbaki bat bihurtuz? Hala balitz, zenbat zero beharko genuke Ukrainako edo Yemengo gerrek sortzen duten sufrikarioa zenbaki bihurtzeko?