Jokoa eta entretenimenduaren gizartea

Arg: Pixabay

Ez al gara ari gizartea entretenimendu gizarte bihurtzen, Juvenal poeta latindarraren 'panem et circenses' haren bertsio eguneraturantz bideratzen?

Animalien zein gizakien artean jokoa da ekintza garrantzitsuenetako bat. Txikitatik hasten dira animaliak jokoaren bidez garatzen eta helduak izango direnerako beharrezkoak bihurtuko zaizkien trebetasunak ikasten. Hor ibiliko dira katakumeak borroketan, lehian zein baino zein, gora eta behera, orekaren zentzua frogatzen, koordinazioa irabazten, ikasteko baliabiderik interesgarriena den jokoaren bitartez.

Gizakiaren garapena luzeagoa eta konplexuagoa denez, jokoa ere konplexuagoa izango da. Etzanda egotetik jarrita egoten ikasiko du haurrak, zutitzen ikasiko du gero eta denbora gutxian gai izango da hasierako ibilbidetxo traketsak egiteko. Gero jostailu sinpleen bidez eskuen eta ikusmenaren koordinazioa irabazten joango da, hatzak indartzen, koloreak bereizten, bere hiztegi totela zabaltzen eta zuzentzen. Helduko da joko sinbolikoaren garaia irudimena lantzen lagunduko diona, beste lagunekin elkarrekin jolasteko aroa. Jokoen bidez jarraituko du eskolan ikasten, marrazten, idazten eta irakurtzen, giro alaian eta estimuluz betean. Denbora aurrera joan ahala jostailuak atzera utzi eta mahai-jokoetara eta kirol mundura helduko dira haurrak eta nerabeak. Joko arautuak, lehiara bultzatzen dituztenak, partekatzera baino norgehiagokara eramaten dutenak. Bide luze hau giro ludiko batean garatuko da, inguru atseginean, gozatu ahal izateko testuinguruan. Beste kontu bat da jokoa ogibide bihurtzen denean, kirol profesionalaren munduaren kasuan, non jokoa industria bihurtu den, ikuskizuna, entretenimenduaren gizarte baterantz eramanez. Eta entretenimenduaren mundu honetan beste aktore indartsu bat sartu da, bideo-jokoarena hain zuzen.

Duela aste batzuk gazte bati egin zioten elkarrizketa batean eman zituzten datuek harrituta utzi ninduten, beste mundu batean bizi naizenaren adierazle. Bideo-jokoek iaz Espainian mugitu zuten dirutza 1.500 milioikoa izan zen, zineak ekoizten duena halako bi. Kazetariak elkarrizketatu zuen hogei urteko mutila Informatika ingeniaritza ikasten ari zen, Estatu Batuetatik etorri berria, bertan parte hartu zuelako munduko bideo-jokoen txapelketa batean. Mutil honek egunero lauzpabost ordu jokatzen zituen interneten bidez eta zortzi ordu aste bukaeretan zaletasun hau bere ogibide bihurtuz.

LVP Mediapro taldearen enpresa bat da, bideo-jokoen lehiaketen operadorea, eta, besteak beste, joan zen martxoaren 30ean Sevillan jokatu zen Bideo-jokoen Liga Profesionalaren Superligaren finalaren antolatzailea, non Bilboko Bisons taldeak parte hartu zuen. Badago, beraz, beste mundu bat, esports munduarena, kirol digitalarena hain zuzen, futbol ligaren antzera antolatua dagoena. Entretenimendurako espazio zabala, urruntxo geratzen zaidan leku berria.

Badirudi Euneizek, European Unibersity Gasteiz delakoak, Baskoniak eta Alavesek bultzatutako unibertsitate pribatu eztabaidatuak, irailean zabalduko dituela ateak. Lau gradu eskainiko ditu eta horietako bi, Multimedia ingeniaritzako gradua eta Entretenimenduaren Industriarako Musika Ekoizpen eta Soinu gradua, bide beretik doaz bideo-jokoekin lotura estua dutelako. Beste mundu bat gaur egun zabaltzen ari dena.

Idazten ari naizen ordenagailua pizten dudan bakoitzean bideo-joko ezberdinen eskaintza agertzen da pantailan, eta ez dut oraindik inoiz bat ere zabaldu jokoek alferrik galtzeko astia besterik balio ez dutelako iritziaren aldekoa naizelako. Ez dakit noraino nagoen oker, edo, oker ez bada, noraino bizi naizen datorren edo gainean dudan beste mundu batetik aparte. Hala ere, aro digitalean jaiotako belaunaldiek ez al dute galduko irudiak haratago pentsatzeak eskatzen duen kontzentrazioa, irakurtzeak behar duen lasaitasuna, kritikak exijitzen duen ahalegina, ikasteak eskatzen duen eginahala, idazteak behar duen patxada? Ez al gara ari gizartea entretenimendu gizarte bihurtzen, Juvenal poeta latindarraren panem et circenses haren bertsio eguneraturantz bideratzen?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago