Amatasun subrogatua

Arg: Pixabay

Gai arazotsua ama subrogatuarena, non nahasten diren kontu medikoak, etikoak, legezkoak eta ekonomikoak.

Asko aldatu da azken urte hauetan familiaren ikuskera gure gizarte honetan. Amak, aitak eta semeak osatzen zuten betiko familia, eta hori zen eredu bakarra. Gaur, ostera, zabaldu egin da oso familien tipologia eta familia klasikoaz gain guraso bakarreko familiak ditugu edo sexu bereko bikoteak, gizartean gertatu diren aldaketa sakonen fruitu: emakumearen emantzipazioa, sexualitatea ulertzeko eta bizitzeko gertatu den iraultza, lan munduan gertatu diren aldakuntzak eta, guzti hauekin batera, ugalkortasuna laguntzeko sortu diren teknika berriak, intseminazio artifizialarena kasu. Gero eta gehiago dira intseminazio artifizialaren bidez sortutako umearekin osatzen diren guraso bakarreko familiak. Edo bi lesbiana eta teknika horren bidez sortutako seme-alabekin osatzen duten familiak. Beste kontu bat da azken urte hauetan zabaltzen hasi den amatasun subrogatuaren fenomenoa, sabel alokatuarena.

Duela egun batzuk Mikel Aiestaran kazetariak eginiko erreportaje batean aukera izan genuen ikusteko amatasun subrogatuaren bidez jaio berri ziren haur batzuk Kiev hiriko ospitale batean. Ukraina da amatasun mota hau legeztatu egin duen herrialdeetako bat. 50.000 eurokoa omen da prozesu osoa kudeatzen duen agentziak kobratzen duen tarifa. Gerra egoera dela eta, umeez arduratu beharko luketen familiek ezin izan dute Kievera joan. Nortzuk arduratuko dira bitartean jaio berrien arretaz: erditu egin dituzten amak, agentziak, ospitaleak? Noiz izango dute Kievera hurbiltzeko aukera umeen ardura hartuko duten familiek jaioberriak jasotzeko eta beraien herrialdeetara bueltatzeko? Gai arazotsua da ama subrogatuarena; kontu medikoak, etikoak, legezkoak eta ekonomikoak nahasten dira.

Zein jarrera hartu gizon-emakume bikote batek, umerik izan ezin duelako, tematzen denean umea edukitzen amatasun subrogatuaren bidez? Edo bi gizonezko bikotea umea izan nahi duenean sabel alokatuaren bidez? Umea nahi izatea eskubidea al da? Benetako arazoa da edo apeta hutsa? Egin dezakeen guztia egin behar du nahitaez zientziak, edo mugak jarri beharko dizkiogu bioteknologiari? Debekatu edo arautu amatasun subrogatua? Ukrainak egin duen bezala, badira estatuak sabel alokatua onartu egin dutenak, eta baita erakunde sortu berriak ere negozio iturria bihurtzeko prest azaldu direnak gertakizun berri honen inguruan.

Bat: behin baino gehiagotan entzun dut formula hau erabili duten familien ahotik ama subrogatuak ez duela ezer kobratzen; ernaldu, bederatzi hilabetetan haurdun egon eta erditzeagatik ez dutela sosarik jasotzen, elkartasun ekintza besterik ez dela. Argi dago gezurretan ari zirela. Jakin behar agentziak kobratzen dituen 50.000 euroetatik zenbat den ama subrogatuarentzat eta zenbat agentziarentzat. Ez da sinesgarria, besterik gabe, emakume bat halako joko baten musutruk sartzea.

Bi: emakumearen askapenaren garaian esklabotasunera bueltatzea ekarriko luke sabelaren alokairuak, emakumea gauza bihurtzea, amatasunaren degradazioa.

Hiru: umea izatea ez da eskubidea, dirudunen apeta ezin da eskubidea bihurtu. Badira beste bide batzuk umea izateko, adopzioarena kasu, berriz esplotaziora jo beharrean.

Lau: ez al da hau beste prostituzio formula berri bat, emakumearen gorputza erabiltzen baita diru baten truke? Atzerantz berriz jo aurrera egin baino aberats batzuen apeta asebetetzeko?

Bost: iritziak iritzi, arazoa mahai gainean dago jardunbide hau gero eta zabalagoa izaten ari delako eta, bestalde, Ukraina kasu, badaudelako lekuak era legalean amatasun subrogatua burutzeko. Debekuak ez gaitu inora eramaten abortua ilegaltzat jotzeak demostratu zuenez. Bestalde, gutxirako balioko luke debekuak munduko herri guztietan zabaltzen ez bada amatasun subrogatuaren aurkako debekua.

Sei: amatasunaren arazoa ez bada legala legeztatu delako hainbat estatutan, ez bada medikua ere teknikoki erabat bideragarria delako, ezta ekonomikoa ere dirua duenaren esku dagoelako amatasun subrogatua, etikaren arloan kokatzen da arazoaren gakoa, hau da, norbanakoaren etikaren esku. Ni amatasunaren aurka nago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago