Ukraina berriz

Macron eta Scholf Moskura joan ziren Putinengana bitartekaritza lanetan, ez ordea Kanpo Politikarako Goi Komisarioa den Borrell jauna. Non izan da Europako Batasuna inbasioaren aurreko diplomazia lanetan?

Doala aurretik Putinek Ukraina inbaditzeko hartu duen erabakiaren aurkako nire gaitzespenik sakonena. Baina honek ez du baztertu behar ikertzea zeintzuk izan diren gakoak, ez justifikatzeko Putinen erabakia, baizik eta gauden egoerara heltzeko egon daitezkeen arrazoiak. Gai korapilotsuak omen dira nazioarteko politikak eta geopolitikak, enpresa multinazionalen interes kontrajarriak edo potentzia hegemonikoen arteko orekak. Eta oso zaila da jasotzen dugun informazioaren zurrunbilo interesatutik eta heltzen zaigun manipulatutako berrietatik zerbait garbi ateratzea, gatazkan zuzenean inplikatutako Ukraina eta Errusiatik jasotakoa zein Europa edo Ameriketatik datorkiguna.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren erorketa eta Varsoviako Itunaren desegitea gertatu zirenetik 1991. urtean, Europako Batasunaren eta Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen Errusiarekiko politika Ameriketako Estatu Batuen menpe egon da, amerikarren interesen mende. Europak ez zuen orduan asmatu OTAN erakundeak Itsaso Baltikotik hasi eta Itsaso Beltzeraino zabaldu zenean. Ez zuen aprobetxatu aukera ezin hobea, behin Varsoviako Ituna deseginda, OTAN erakundetik ateratzeko, eta, aldi berean, Errusiarekiko harremanak zabaltzen eta sakontzen joateko. Ameriketako Estatu Batuek 1962. urtean Kubako misilen aurrean izan zuten jarrera bezalakoa da Errusiak azaldu duena, OTAN bere mugetan zabaldua baitago, eta Kubaren eta Floridaren artean hamarnaka itsas kilometro dauden bitartean, Baltiko errepublikak Errusiaren mugan bertan daudelako.

Umiliatuta sentitu da Errusia, baztertuta. Ez du Europak jakin Errusiarekiko hurbilketaren aldeko harremanak landu eta, aldi berean, Ameriketako Estatu Batuarekiko menpetasuna gutxitzen. Hurbilago dugu Errusia europarra Amerika baino, baina orain arte munduko jendarmea izan denaren interesak bakearen gainetik omen daude. Badirudi orain hasi garela jakiten Ukrainan 2014. urtetik, Donbass zonaldean gerran egon direla Ukrainaren armada eta Errusiaren aldeko independentistak, eta 14.000 lagun hil direla. Egoera politikoa nahasia izan da Ukrainan azken urteotan, eta ez da erreza jakitea zein den benetako egoera informazioa desitxuratua datorkigulako: Ukrainaren kokapen estrategikoa; ustelkeria; tentsio handia alderdi politikoen artean; europazaleen eta Errusia aldekoen arteko ukrainarren zatiketa sakona; talde ultraeskuindarrek duten indarra; ukrainera eta errusiera hizkuntzen arteko gatazka; Krimea penintsularen okupazio errusiarra eta Donbass herrialdearen gerra.

Dena dela, ondo aprobetxatu du Putinek egoera nahasi hori aitzakia bihurtuz, eta, nazioarteko zuzenbidearen arau guztien aurka, AEBk behin baino gehiagotan beste herrialdeetan egin duenaren antzera, Ukraina inbaditzeko. Bielorrusia moduko estatu laguna bihurtu nahi omen du Ukraina Putinek. Apustu arriskutsua, onartezina, sufrimendu eta suntsipena besterik ekarriko ez dituelako Ukrainan, eta mundu osoan nabarituko direlako gerraren ondorioak.

Badirudi beste mundu-ordena berri batera goazela. Hala ere, ikustear dago apustua ondo aterako zaion Putini. Bazekien OTAN erakundea ez zela zuzenean gatazkan sartuko 2014. urtean Krimearen inbasioan sartu ez zen moduan; jakitun zen Europak gas errusiarrekiko duen erabateko mendekotasunaz; jabetua zen ere Ukrainaren zein Errusiaren garia, artoa edo ekilore-olioaren balore estrategikoaz; eta, azkenez, uste zuen ukrainarrek ez zutela erresistentziarik jarriko. Baina armada errusiarra ukraniarra baino askoz indartsuago izan arren, gerra luzatzen ari da ukrainarren jarrera kementsua izaten ari delako, eta, besteak bete, Europatik jasotzen ari den armei esker. Ematen du OTAN erakundearen eta Europaren politika dela gerraren iraupena luzatzea, batetik, Errusian bertan gerraren eta Putinen aurkako protestak zabaltzen joango direlakoan, eta, bestetik, errusiarren kontrako sentimendua sakondu egingo delakoan.

Diplomaziarako deiak, armak bidaltzearen aldeko eta kontrako jarrerak, militarismoa, bakezaletasuna, armagintzaren interesak... Gerraren lehenengo astean Burtsan kotizatzen duten enpresa gehienen akzioak erori egin ziren nabarmen, baina, aldiz, armagintzan ari diren Estatu Batuetako, Erresuma Batuko edo Frantziako enpresek %30eko igoera izan zuten. Pandemiak giza harremanetan, eguneroko bizitzan, kulturan edo ekonomian izan dituen eragin kaltegarritik ateratzear ginenean, beste kolpe latz bat munduko politikan eta ekonomian, milioika errefuxiatu, milaka hildako eta zaurituak, herrialde oso bat suntsituta.

Ez dugu ikasten, eta berriz geratu da agerian militarismoak ez gaituela inora eramaten. Eta Europako Batasuna osatzen duten nazioen lehendakariek erabakitako zigorrekin batera eta Errusiarekiko mendekotasun energetikoaren gutxitze aldera hartuko dituzten neurriez gain, defentsarako aurrekontuak handitzea erabaki dute. OTAN erakundeak, hau da, Estatu Batuen presiopean agian? Noizko kateak askatzen joateko ordua? Zein leku dagokio Europari eraikitzen ari den mundu-ordena berrian non Errusiak nahi duen berriz egon Txinarekin, Ameriketako Batuekin, eta, agian, Indiarekin batera? Macron eta Scholf Moskura joan ziren Putinengana bitartekaritza lanetan, ez ordea Kanpo Politikarako Goi Komisarioa den Borrell jauna. Non izan da Europako Batasuna inbasioaren aurreko diplomazia lanetan?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago