Herenegun, Dendaraba atarian, lurrean eserita, txakur ederra alboan, berrogei eta hamar urteko eskalea. Bere aurretik pasatzen zen jendearen axolagabetasuna nabaria zen, begiradarik merezi ez duen zerbait balitz moduan. Niri interpelatu egin ninduen egoerak eta ez nintzen batere gustura sentitu eskalearen aurretik pasatu nintzenean. Zein bizimodu izan du gizon horrek horrelako egoerara heltzeko? Lana galdu zuen eta langabezian jarraitzen du ezinezkoa zaiolako lanik aurkitzea? Familiarik gabe, lagunik gabe, bakarrik bera eta bere txakurraren laguntzarekin bizi irautera kondenatua? Banandua akaso, etxerik gabe eta familiarik gabe? Zein da bere biografia horrelako egoeran amaitzeko?
Joaten naizen dendaren aurrean egoten diren eskaleei ematen dizkiet noizean behin txanpon batzuk. Egia esanez, ez dakit horrelako egoeren aurrean zer egin, dirua eman edo ez eman, zenbat diru, diruarekin batera beraiekin hitz batzuk izan, irribarretsu agurtu... Zurrumurruak zurrumurru, mafietan antolatuak daudela, dirutzak jasotzen dituztela... Gure sistema ekonomiko injustu honek ez du erantzunik ematen behartsuei, jatekorik ez daukatenei, etxerik gabe egurats gorrian gaua pasatzen dutenei. Erakundeek diote ez zaiela eskalei dirurik eman behar, badaudela baliabide publiko nahiko horrelako egoerei erantzun egokia emateko, baina gero eta gehiago dira Gasteizen ikusten diren eskaleak. Sistemaren giza subproduktuak, sistemak sistematik at botatakoak, duintasun gabekoak, errukitasuna sortarazteko gai ez direnak.
Zer sentitu eta pentsatuko dute beren baitan hainbeste axolagabetasun aurrean, ehunka lagun beraien aurrean pasatzen diren bitartean? Zein jarrera izan beharko nuke eskale baten aurrean? Ez daukat erantzunik eta, bitartean, ez zait gaizki iruditzen pare bat euro ematea laguntza txarra denik, nahiz eta ingurukoek gauza bera ez egin edo erakundeen gomendioaren aurka jokatu.
Eta horrela pentsatzen ari naizela, bi gaztetxo alai pasa dira eskalearen aurretik, praka zulatuez jantzita: eskalearen praka urratuak eta bi gazteen praka urratuak, beharra eta kapritxoa, miseria eta xahubidea, eguneroko kontraesanak agerian gure kaleetan. Duela urte gutxitik hona modan omen daude praka urratuak eramatea, eros berriak izanda ere, urradurez beteak, zarpailak balira moduan, batzuk zuloa izterraren parean, belaunean besteak, galtza zahar eta higatuak itxura eman nahian. Hona hemen modaz ibiltzeak, pildaz jantzita joateak, estetikaren aurka janzteak dakarren ergelkeria, zentzugabeko jarrera, aldrebeskeri hutsa.
Dena dela, guzti horiek horrela izanda ere, mingarriago eta uler ezinagoa da arroparik janzteko ez dutenei modak egiten dien iraina. Zer pentsatuko du gure eskaleak horrela jantzita doazen gazteak bere aurretik pasatzen direnean? Zenbat eta zenbat lagun, ez modak horrela agintzen duelako, baizik eta hotzetik ihesean arroparik gabe edo arropa erdi apurtuak jantzita gerratik alde egin beharrean mundu zabalean? Badu zentzurik, kontsumismoz blai bizi garen gure Europa honetan, modak diktatzen duelako, horrelako arropak apeta burgestxoa asetzeko erosteak? Zer esan moda industriaz, diseinatzaile, fabrikatzaile, saltzaile eta eroslez osatutako kate iraingarriaz? Galdu egin dugu zentzua, kritikarako ahalmena, logika, etika eta estetika? Zer ari dira pentsatzen gure gazteak dendara hurbiltzen direnean? Ez dira konturatzen galtza urratu horiek erostean iseka egiten dietela ezta praka zulatuak ere janzteko aukerarik ez dutenei?