Hezkuntza lege berriaren atarian II

Ikustear dago datozen hilabetetan gai izango diren alderdi politikoak gutxieneko adostasun batera heltzeko, Hezkuntza-itun on bat lortzeko. Ez da erreza izango, Gabriel Celayak zioenez, adostasuna utopiari uko egitea baita.

Hiru saretan banatuta daude ikastetxeak gure unibertsitateaz kanpoko euskal hezkuntza-sisteman: finantziazio publikorik gabeko sare pribatua, finantziazio publikoa jasotzen duten itunpeko eskolek osatzen duten sarea eta eskola publikoen sarea. Ikastetxea aukeratzeko gurasoek omen duten askatasuna, hezkuntza sistemaren bizkarrezurra izateko sare publikoak jokatu beharko lukeen zeregina, itunpeko ikastetxeek eskaintzen duten hezkuntza zerbitzuaren izaera publikoa edo pribatua, edozein erakundek ikastetxe bat zabaltzeko duen eskubidea edo hezkuntzaren laikotasuna dira, besteak beste, sareen izatea justifikatzeko erabiltzen diren arrazoiak. Historikoki, Elizaren eragina indartsua izan da euskal hezkuntza eremuan, eta, bestalde, Ikastolen mugimenduak sortu zuen sareak sendotu egin zuen sare pribatua nahiz eta, Euskal Eskola Publiko legearen babesean, batzuk publiko gero bihurtu. Gaur egungo sareen arteko ikasleriaren banaketaren datuek diotenez, ikasleen %50a sare publikoan daude eskolatuak eta beste %50a sare pribatuan.

Argitu berri da Eusko Biltzarraren hezkuntza ponentziak idatzitako XXI. mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentua. Bertan iradokitzen denez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua izango litzateke segregazioaren aurka eta ekitatearen eta bikaintasunaren alde ekiteko proposatzen den irtenbidea. Zerbitzu hori, batetik, ikastetxe publikoek, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak finkatuko dituen baldintzak beteko lituzketen ikastetxe pribatuek osatuko lukete. Ikusten denez, ikastetxe pribatuen kasuan, ematen duten hezkuntza zerbitzua publikoa dela tazituki onartuz, funtzioaren eta titulartasunaren artean, funtzioa lehenetsi da. Beraz, formula honen bidez, hiru sare izan beharrean bi izango lirateke sareak: pribatua bata, finantziaziorik gabekoa, eta ehuneko ehunean finantzatutako sare publiko-pribatuak.

Euskal Eskola Publiko legearen bidez sare publikora pasatu ziren ikastolek titulartasuna laga zuten Hezkuntza Sailaren alde. Oraingo proposamen honetan, aldiz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuan sartuko diren ikastetxe pribatuek ez lukete galduko titulartasuna. Aldea nabaria da: orduan titulartasunarekin batera, Hezkuntza Sailak bere gain hartu zituen ikastetxearen pertsonala eta eraikuntza; formula berri honekin, aldiz, ikastetxe pribatuak bere horretan jarraituko du izaten duen pertsonalarekin eta eraikuntzarekin. Ehuneko ehunaren finantziazioaren truke Hezkuntza Sailak jarriko dituen baldintzak osatu beharko lituzke ikastetxeak: erabateko doakotasuna, euskara eredu pedagogikoaren bizkarrezurra bihurtzea, segregazioaren aurka eta ekitatearen alde benetako neurriak hartzea... Kontratu-programa baten sinadura izango litzateke formula juridikoa gaur egun itunpeko ikastetxe bat Euskal Hezkuntza Zerbitzuan sartzeko. Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak begi onez hartu dute proposamena; ez dut uste sare publikoko irakasleek eta eragileek ikuspen baikor bera izango dutenik.

Proposamen honek, funtsean, gaur egungo egoera mantentzen du, eta horrela jarraituko du izaten, jaiotzen tasen jaitsieraren eraginez, plazen soberakinak ez badira ondo kudeatzen ikastetxe publikoak sistemaren benetako bizkarrezurra bihurtu daitezen. Alde horretatik, ez luke inongo zentzurik izango etorkizunean sortu daitezkeen ikastetxe pribatu berriak Euskal Hezkuntza Zerbitzuan integratuko balira: erakundeek eskubidea dute ikastetxe bat zabaltzeko legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte, baina, ez, ordea, finantziazio publikoa jasotzeko, eta are eta gutxiago eskola plazen eskaera eskaintzarena baino txikiagoa denean. Bestalde, nire zalantzak ditut proposamen honek baliogarria izango den segregazioaren aurka ekiteko neurri oso zehatzak eta indartsuak hartzen ez badira, hau da, bide konpentsatzaile batetik bide prebentibo batera benetako ibilbidea egiteko errotiko pausuak ematen ez badira: matrikulazioaren sisteman orokorrean eta, bereziki, Haur Hezkuntzan, maila hau delako hurrengo mailetarako ate sarrera; matrikula bizirako plazen portzentai bat gordetze beharrean; zerbitzu osagarrien antolaketaren kontrolean,zerbitzu horiek bihur ez daitezen segregaziorako ate ezkutuak: garraioa, jantokia, eskolaz kanpoko ekintzak; euskara benetako bizkarrezurra izango dela bidean. Egia da, badaudela gaur egun baldintza horiek betetzen dituzten itunpeko ikastetxeak, baina egia da ere badaudela eliteen aldeko joera dutenak. Zer gertatuko da gaur egun itunpeko elitearen aldeko joera duten ikastetxeekin edo hezkuntza mistoa eskaintzen ez duten ikastetxeekin?

Segregazioarena, sareena eta euskararena izan dira azken garai hauetan hezkuntza-sistemak dituen arazoen artean gehien aipatu direnak. XXI. mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuak Euskal Hezkuntza Zerbitzua proposatzen du lehenengo biak bideratzeko, eta euskara ardatz izango duen eleaniztasuna hirugarrenerako. Sistema bakarra eta askotarikoa: "Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez artikulatzen, gizarte-kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko duten gaitasuna bermatzeko funtsezko eredu baten arabera". Ez du proposamenak gaur egun indarrean dauden ereduen inguruan ezer esaten, eta oso gutxi "funtsezko eredu baten arabera" horren inguruan. Murgilketa? Lekuz lekuko egoera soziolinguistikoaren arabera? Ikastetxe bakoitzak diseinatuko duen proiektuaren arabera? Jurgen M. Meisel ikerlari alemanak hogeita hamar urte daramatza hizkuntzaren jabekuntzaren prozesuen azterketa egiten, eta badu, beraz, esperientzia eta jakituria. Ikerlari honen iritziz, haurren ahalmen kognitiboa hizkuntzak ikasteko zoragarria da, nahiz eta hizkuntzen arteko egitura ezberdina izan, gai direlako ezberdintzeko hizkuntzak. Bestalde, ez dago nahasketaren arriskurik eta, beraren iritziz, ume bat gai da batera hizkuntza bat baino gehiago ikasteko baldin eta hizkuntza bakoitzari ematen zaion esposizioaren denbora nahikoa izan. Eta gutxieneko hori da gaur egun ikertzen ari den gaia. Bere iritziz, esposizio denbora hori egunaren %30 bada, nahikoa izango litzateke hizkuntzaren jabekuntza bermatzeko. Beraz, ikerlariaren iritziz, ez litzateke arazorik egon behar ume normal batek hiru hizkuntz batera ikasteko esposizio denboraren herena ematen bazaio hizkuntza bakoitzari. Kontuan hartzen bada ikasle batek egun osoan zehar, etxean, kalean eta eskolan jasotzen duen hizkuntza ezberdinen esposizioa hamalau ordukoa baino gehiagokoa dela, eta horietariko bost ordukoa besterik ez dela eskolakoa, gaurko D ereduak bakarrik bermatuko luke %30 hori. Zer gertatuko da orduan, gaur egun A eta B ereduak eskaintzen duten itunpeko ikastetxeekin zeinetan euskarak jasotzen duen trataera atzerriko hizkuntza balitz bezala bada?

Dena dela, arestian aipatutako garrantzi handiko hiru gai horiekin batera, asko dira dokumentuak ukitzen dituen puntuak: eskola-mapa berri baten beharra, administrazioen arteko lankidetza, eskola gobernantza, ikastetxeen autonomia, irakaslearen hasierako eta etengabeko prestakuntza, ikastetxeen eta irakaslearen ebaluazioaren beharra, ikaskuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako palankak, bikaintasuna... Ikustear dago datozen hilabetetan gai izango diren alderdi politikoak gutxieneko adostasun batera heltzeko, Hezkuntza-itun on bat lortzeko. Ez da erreza izango, Gabriel Celayak zioenez, adostasuna utopiari uko egitea baita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago