Hezkuntza lege berriaren atarian I

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Arriolabengoa Abasolo 2022ko ots. 8a, 07:00
Eskola segregazioaren kontrako protesta. / Alea

Gure hezkuntza-sistemak duen arazorik garrantzizkoenetako bat segregazioarena eta ekitate ezarena da.

Ia hogeita hamar urte pasa dira Euskal Eskola Publikoaren legea indarrean ezarri zenetik, eta ordutik asko dira gertatu diren aldaketak munduan zein hezkuntzaren eremuan: globalizazioaren areagotzea, internetek sortu dituen sare sozialak, digitalizazioak ekarri dituen aldakuntzak irakaskuntzan, ezagueren zaharkitzea, klimaren aldaketaren eragina, gero eta arrakala zabalagoa aberastasunaren banaketan. Eta hurbilago dagozkigun beste batzuk ere: jaiotzen tasen jaitsiera, kulturartekotasun handiagoko gizartea migrazio-fluxuen ondorioz, eskola-segregazioaren eta ekitate ezaren gero eta handiagoko fenomenoa, eredu linguistikoen etekin eztabaidagarria, hezkuntza sistemaren kanpoko ebaluazioen emaitzen eta ikasleko egiten den inbertsioaren arteko desfasea. Egia da sistemak badituela harro sentitzeko lorpen batzuk: eskola uzte goiztiar txikia, ikasleko gastu publikoa, batxilergo tituludun-tasa, edo Haur Hezkuntzako estaldura maila; baina egia da ere baduela non hobetu, dela oinarrizko trebetasunetan errendimendu txikian, ikasleriaren euskalduntze mailan, edo segregazioan zein ekitatean.

Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen egitasmoa abian jarri zuen Eusko Ikaskuntzak Hezkuntza Sailaren enkarguz. 2021eko Irailaren 11n bildutako Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen foroan eman zitzaion hasiera egitasmoari, eta urriaren 22an eta 23an Euskal Hezkuntza Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra sinposioa ospatu zen. Bere aldetik, 2021eko urriaren 14an Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzea erabaki zuen, etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmen zabal bat lortze aldera oinarriak zehaztu ahal izateko. Bertan, agerraldi publikoen bidez parte ahal izan dute, besteak beste, adituek, gizarte-eragileek eta Administrazioetako arduradunek.

Bai Eusko Ikaskuntzak antolatutako ekintzen bidez jasotako ekarpenak zein Eusko Legebiltzarraren ponentziatik pasatu diren parte hartzaileen ekarriak ugariak eta aberasgarriak dira, eta gaur egungo hezkuntza-sistemak dituen ardurak eta ikuspuntu ezberdinak agerian geratu dira.

Gure hezkuntza-sistemak duen arazorik garrantzizkoenetako bat segregazioarena eta ekitate ezarena da. Save the Children erakundeak sinposioan eta ponentzian aurkeztutako txostenak oso adierazgarriak dira, eta genekiena zenbakiekin baieztatzera dator. Itunpeko eta publiko sareen arteko arrakala nabaria da. Kontu asko nahasten dira segregazioaren eta ekitate ezaren inguruan: elitearen aldeko familien joera, itunpeko ikastetxeek doakotasun kontra jartzen dituzten kuotak, kontzertatutako moduluen bidez jasotzen duten finantziazio behar adinakoaren inguruko eztabaida, matrikulazioaren sistemak segregazioaren aurka jotzeko dituen akatsak, administrazioaren kontrol eskasa, ikastetxeen kokapen fisikoa,ordutegiak, eredu linguistikoen eragina, proiektu pedagogikoen erakartasuna, hezkuntzako ziklo ezberdinen  arteko trantsizioak, ekintza osagarrien eskaintza. Euskal Eskola Publikoaz Harro! plataformak ponentzian aurkeztutako txostenak dioenez "euskal hezkuntza-sistema sistema desorekatua, segregatzailea, diskriminatzailea eta klasista da, eta desberdintasunak gutxitu beharrean, areagotu egiten ditu. Eta desberdintasun horiek areagotu baino ez dira egin azken 10 urteetan".

Eta Amelia Barquinek sinposioan zioenaren arabera, segregazioaren aurka ekiteko bi dira bideak, konpentsatzailea bata eta prebentiboa bestea, eta bi estrategia hauen artean lehenengoaren bidetik jo du orain arte Administrazioak. Emaitzak argiak dira, eta, beraz, arazoari benetako erantzuna eman nahi bazaio, ezinbestekoa izango da diskriminatzen duten ikastetxeengan fokua jartzea. Eta hemen egiten dugu topo euskal hezkuntza sistemak duen funtsezko berezitasunetako batekin, sareena hain zuzen. Beste idazki baterako utziko dut arazo honi aurre egiteko ponentziatik pasatu diren hainbat eragileen iritzien eta proposamenen gaineko komentarioak, eta, segregazioaren eta ekitate ezaren arazoaz harago, beste gai batzuen inguruan ere hitz egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide