Covid pandemiaren aurka hartu diren neurriak olatuz olatu joan dira aldatzen kutsaduraren mailaren arabera, eta, azkenean, aspertuta hainbeste aldaketekin, ez dakit noraino ez diegun neurriei behar luketen beste jaramonik egiten. Ez dut zalantzan jartzen neurri bakoitzak bere justifikazio tekniko-politikoa izango zuenik, ezta neurrien arteko barne koherentzia eta proportzionaltasuna ere, baina, hala ere, aitortu behar da neurri guztiek izan dutela bere arbitrariotasunaren kargatxoa. Jatetxeko mahai batean sei mahaikide besterik baimendu zenean, zergatik hain zuzen sei, eta ez bost edo zazpi ? Zergatik futbol zelaietan %50 era publikoa mugatu eta ez %45era edo %55era? Ez dut uste epidemiologoek hain fin jokatzeko tresnarik izango dutenik. Azken finean, edozein neurri mota hartzerakoan, nonbaiten kokatu behar da muga, lerroa trazatu, eta beti egongo da ziurgabetasun-marjina, eta, beraz, arbitrariotasunerako aukera.
Gaur egun indarrean dagoen legearen arabera, hamazortzi urtetan ezarrita dago adin-nagusitasuna. Psikologoek, soziologoek edo lege gizonek izango dituzte bere argumentuak esateko hamazortzi urtetik aurrera gazte bat, emakumezkoa izan edo gizonezkoa, gai dela era arduratsuan berari dagozkion erabakiak hartzeko eta gizartean era autonomoan integratzeko. Galdera da ea hamazortzi urte betetzen duten gazte guztiek heldutasun egora horretan izango diren, ez duten batzuek adin hori baino lehenago suposatzen den heldutasun maila lortuko, edo, alderantziz, hamazortzi urte osatu arren, ez diren beste batzuk nerabeegiak izango. Banan banan azterketa bat ezarri gazte bakoitzaren heldutasunaren maila neurtzeko gidabaimenarekin egiten denaren antzera? Nonbaiten lerroa trazatu beharra zegoenez, adituen iritziak eta zuzenbide konparatuaren datuak kontuan izanda gero, hamazortzi urtetan ipini zen lerroa. Eta zergatik hamazortzi urtetan izan beharrean ez hamazazpi betetzen direnean, edo hemeretzi osatutakoan? Berriz egiten dugu topo arbitrariotasunaren gutxi gora beherako horrekin.
Badut lagun bat Hondarribitik Huescaraino Frantziaren eta Espainiaren arteko mugan kokatutako mugarri guztietatik pasatzen duen ibilbidea egin zuena. Kontua da, San Martin Harriko mugarritik Anelarra mendiraino doan tartea, Larra eremu karstikoa mugak gurutzatzen duen zatian hain zuzen, ez zela erraza mugarriok banan bana aurkitzea, eta laguntza eskatu zidan. Joan ginen biok urteroko uztailaren 13an Hiru behien zerga ospatzen den lekura,eta, handik abiatuta, inongo biderik gabe, harriz harri, zuloz zulo, ibilbide neketsua osatuz, lortu genuen mugarri guztiak aurkitzea. Anelarra gainera nekatuta heldu ginenean, galdetu nion lagunari ea goizean zehar zenbat aldiz egon ginen mugaren hegoaldeko aldean eta zenbatetan iparraldekoan, bi mugarrien arteko tarteetan ez genekielako zein aldean ginen, Bearnokoan edo Nafarroakoan. Maiz ibaiak edo mendikateak bezalako elementu geografikoek herrialdeen arteko muga definitu arren, gauza bat da mapetan azaltzen dena, eta beste bat lekuan bertan gertatzen dena. Eta, askotan, Afrikako mapa begiratu besterik ez dago, arbitrariotasun hori nabaria da.
Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko 2020. urteko ekitaldiaren likidazioaren oinarria azaltzen den taula zortzi tartetan banatuta dago, eta tarte bakoitzari dagokion gehienezko likidazio oinarria agertzen da. Hala, bigarren tartearen gehienezko muga 16.030 eurokoa da, hirugarrena 32.060 eurokoa, eta horrela jarraitzen du eskalak 184.950 euroko azken tarteraino. Galdera da zergatik 16.030 eta ez 16.000 edo 16.050; 184.950 izan beharrean zergatik ez 183.500 edo 185.000. Bada, behin gaia aztertu ondoren, nonbaiten ezarri beharko delako atal bakoitzaren gehienezko likidazioaren oinarria, nonbaiten trazatu behar delako lerroa. Hemen ere, nahiz eta Arabako Foru Aldundiaren Ogasunaren teknikariek gaia sakon aztertu proposamena koherentea izan dadin, azkenean lerroa zenbaki konkretu baten bidez finkatu behar da, jakinik arbitrariotasun kargatxoa duela hartutako erabakiak.
Nonbaiten ageria bada arbitrariotasun karga hori Zigor Kodean da. Irabazi-asmoarekin egindako erreprodukzio eta plagio delitua bi urteko espetxe-zigorrarekin dago zehatuta. Betiko galdera: zergatik ez urtebete eta hamar hilabete, edo bi urte eta hiru hilabete, kasu? Muga nonbaiten kokatu behar delako, kontuan harturik antzeko delituen gaineko zigorren arteko barne koherentzia, proportzionaltasuna edo zuzenbide konparatuak dioena. Baina, aurreko adibideetan gertatzen denaren arabera, arbitrariotasun puntu saihetsezin hori agerikoa da. Beraz, mugek ere badituzte beraien mugak, anbiguotasun, arbitrariotasun eta erlatibotasunarenak hain zuzen. Hortaz, ez ditzagun Covid pandemiaren babesean agintzen dizkiguten arau eta protokoloak dogmak balira hartu, are gutxiago jakinda zientziaren izenean aginte politikoak direla bitartean daudenak.