Gogoan dut ofimatika programak zabaldu aurretik erabiltzen genuen idazmakinen garaia, akatsen zuzenketen lan nekosoa, beldur beti, ahalik eta akats gutxiago egin beharreko lan arretatsuaren tentsiopean. Libre Office Writer edo Microsoft Word programekin ez dugu zertan hainbeste ardura izan behar, momentuan, inongo zailtasunik gabe, edozein akats zuzentzeko aukera errazak eskaintzen dizkigutelako. Izugarria da programa horiek dituzten aukerak testuak editatzeko eta profesionalei eskaintzen dieten posibilitateak. Hala ere, erabiltzaile arruntok programa horien ahalbideen alde oso txiki bat besterik ez da baliatzen duguna gure eguneroko lanerako. Lerro hauek idazten ari naizen ordenagailuaren pantailaren goiko aldean azaltzen diren funtzioen artean, zenbat dira inoiz sakatu ere ez ditudanak? LibreOffice Writer programaren ahalmenaren zein ehuneko izango da erabiliko dudana idazki hau egiteko? Helduko al da %5 era? Nire zalantzak ditut.
Hari honetatik tiraka eta artelanen mundura jauzi eginez, adibidez film baten aurrean jarriz gero, zein da pelikularen zuzendariak proposatzen duenaren eta ikusleak jasotzen duenaren arteko aldea? Zineforum saio batean parte hartzeak agerian utziko digu pelikulak duen aberastasunaren zatitxo bat besterik ez dela jaso duguna. Partaide batek gidoiaren interpretazioa azalduko du, eta zuk antzeman ez duzun hainbat eta hainbat xehetasun aipatuko: protagonistaren izaeraz, historiaren garapenean izan duen bilakaera edo beste lagunekin izandako portaeraren zergatia. Edo pertsonaien eta aktoreen arteko identifikazio lan bikaina.
Filmaren muntaketaren pisuaren garrantziaz mahaigaineratuko du beste batek hainbat sekuentzia aipatuz non agerikoa den ekintzaren eta denboraren arteko lotura indartsua. Zu, historiaren linealtasunaren zale zaren hori, narrazioaren aurrera eta atzera ibiltze horren aurkakoa zaren hori, konturatuko zara teknika narratibo horrek pelikulari eman dion tentsioa eta indarra. Eta ikasiko duzu, behin pelikula filmatua izanda gero, muntatzailearen garrantzia, zuzendariarekin batera, filmatutako materialen azterketa eta analisia egin ondoren, gidoiaren indarra eta logika lortzeko, zein zati erabili eta nola lotu pelikula osatuko duten sekuentzia guztiek.
Egongo da ere irudien hizkuntzaz hitz egingo duena, eta pelikularen momentu konkretu batzuetara jo ondoren, zuk usaindu ere egin ez dituzun detaile batzuk aipatuz, pelikularen sentsibilitatean sakontzeko aukera ematen dutenak. Orduan ere, konturatuko zara sekuentzia konkretu batean plano ezberdinen erabilera, kamerak egiten dituen mugimenduen zergatia, sortzen duen tentsioa.
Musikaz arituko da zineforumeko beste partaide bat. Zuk musikari ia arretarik jarri ez diozun inguruan hitz egingo du gure lagunak, eta pelikularen garapenaren zehar identifikatuko du eszena gogor baten eta musikaren ilun baten arteko lotura, musikak indartzen duen eszenaren gogortasuna adieraziz; edo, beste sekuentzia batean, pantailan ikusten den paisai ederraren lasaitasuna indartzeko biolinek jotzen duten melodia zoragarria.
Argazkia, argiaren erabilera egokia, kolorea, pelikularen sekuentziek eskatzen zuten giroaren eta argazkiaren arteko sinbiosi estetikoa komentatuko du beste batek, eta eszena konkretu batera joko du adibide moduan, eta zu ohartu ez zaren hainbat xehetasun aipatuko. Eta zineforum saiotik ateratzekoan, konturatuko zara pelikula berriz ikusi behar duzula, ez duzula pelikulak eskaintzen zuen mamiaren erdiaren erdia ere harrapatu, zinematografikoki erdi analfabetoa zarela.
LibreOffice programak eskaintzen digun %5a bada erabiltzen duguna, zein da pelikula on baten zuzendariak egiten digun proposamenetik jasotzen dugun ehunekoa? Zineforum saio batera joan besterik ez dago konturatzeko artistak pelikulan biltzen dituen ikuspegien, hausnarketen, sentimenduen edo sortu nahi izan duen giroaren alde txiki bat besterik ez dugula jasotzen ikusleek. Hilabetetan zuzendariaren agindupean lan talde baten fruitu landua den pelikulari pare bat ordu dedikatzen diogu kultura kontsumo zaleek, eta, beraz, zaila da egilearen proposamenaren edukiaren ehuneko ehunekoa jasotzea.
Filmarekin esandakoa beste artelanetara eraman dezakegu. Zein alde dago eleberri baten egileak sortzen duen munduaren eta irakurleak jasotzen duenaren artean? Edo musikoak sinfonia baten bidez sortu duen unibertsoaren eta entzuleak antzematen duenaren artean? Distantzia hori gutxitzeko neurririk egokiena behin eta berriz obrara jotzea da, berriz pelikula ikusi, eleberria irakurri edo sinfonia entzun. Hala eginez gero, %5etik %50era pausua emateko gai izango gara, baina, hala eta guztiz ere, ez gara inoiz ehuneko ehunera helduko.