Gizakia, biltzailea eta ehiztaria zen garaietan, erabat lotua bizi zen naturarekiko, naturarekin bat eginda baitzen bere bizimodua. Oso garatuak zituen zentzuak beharrezkoak zituelako eguneroko janaria jasotzeko: ikusmen zorrotza ehizakiak hautemateko; dastamen eta usaimen zehatzak bildutako jakien artean zein zen jangarria eta zein pozoitsua bereizteko; entzumen zolia harrapakinaren zantzuak urrutitik sumatzeko. Hil ala biziko kontua zen orduan zentzumenak garatuta izatea. Halakoa izan zen milaka urtetan gure arbasoen bizimodua, naturan erabat integratua bizi zen izakia.
Naturarekiko lehenengo urruntze pausua nekazari eta abeltzain bihurtu zenean eman zuen gizakiak, nomada izatetik sedentarioa izatera igaro zenean hain zuzen. Biltzaile eta ehiztari garaian gizakiak ezagutzen zituen landare, fruitu edo animalien aniztasuna oso zabala zen. Baina aukera zabal hori erabat murriztu zen, nekazaritzak lantzen zituen landare espezie gutxi batzuetara mugatu zelako, edo abeltzaintzak gobernatzen zituen etxekotutako espezieen kopurua txikiagotu zelako nabarmen. Urruntze horrek zentzuen zorroztasuna ahuldu zuen eta naturaren ezaguera murriztu, nahiz eta naturarekiko lotura, biltzaileena baino apalagoa izan, erabat ez hautsi.
XIX. mendearen hasieran munduko biztanleen %2 bakarrik bizi zen hirietan, eta 2030. urterako, azken prospekzioek diotenaren arabera, %61 izatera helduko da. Garapen bidean dauden herrialdeen urbanizazio tasa %57 izango den bitartean, herrialde garatuen tasa %82 izatera helduko da. Arabako 2021. urteko biztanleen erroldak dionez, Gasteiz, Laudio eta Amurrio herrien biztanleriak Lurralde historikoaren bizilagunen %85 osatzen du. Munduaren urbanizazio prozesu geldiezin honek gizakiaren naturarekiko urruntze bidean pausorik erabakigarriena ekarri du. Esan daiteke gaur egungo gizakia naturari bizkarra emanda bizi dela. Gure gurasoek basoko zuhaitzak ezagutzen zituzten, baratzako belarrak, animalia basatiak, txori motak. Eguraldia iragartzeko zeruaren koloreaz, haizearen norabideaz, eguratsaren giroaz, edo, baita ere, animalien portaeraz baliatzen ziren. Atsotitzetara jo besterik ez dago urtetan herriak jaso duen ezaguera egiaztatzeko. Hona hemen adibide batzuk, Gotzon Garateren bildumatik jasoak: goizeko lainoa, errotari, arratseko gorria, pilotari; arrats gorri haizetsu, goiz gorri euritsu; erleak uretan, haizea hor dabil olgetan; igela kerra kerra, eguraldi ederra. Guk, aldiz, ohetik jaikitzen garenean ez dugu leihora zerua ikustera jotzen, eta bai, ordea, irratira eguneko eguraldiaren iragarkia entzutera.
Eta eguraldiaren iragarpenekin, klimaren aldaketekin, berotze globalarekin edo sistema fisikoen desordenaren eta fluktuazioen elkarreraginagatik egindako ikerketengatik lortu dute aurtengo Nobel Saria Syukuro Manabe japoniarrak, Klaus Hasselmann alemaniarrak eta Giorgio Parisi italiarrak. Elhuyar aldizkarian azaltzen denez, ikertzaile japoniarraren lanak erakutsi zuen atmosferan karbono dioxidoak areagotzeak lurrazalean tenperatura igotzea eragiten zuela, eta 1975. urtean Lurreko klimaren eredua argitaratu zuen.
Hamar urte geroago, alemaniarrak eguraldia eta klima erlazionatzen jakin zuen, nahiz eta aldakorrak eta kaotikoak izan. Zailtasun hori gaintzeko, eredu klimatiko estokastiko bat, ez determinista baizik eta probabilistikoa, sortu zuen, eta giza jardueren eragina hautemateko eta neurtzeko metodoak garatu zituen, berotegi-efektuko gasek tenperaturan eta kliman duen eragina agerian utziz.
Parisi ikertzaileari zor diogu material konplexu desordenatuek ezkutuko ereduen inguruan eginiko lanak eta matematikoki deskribatzeko proposatu zuen metodoa. Gaur egun meteorologoek eguraldia igartzeko erabiltzen dituzten eredu matematikoak zordun dira Nobel saria jaso duten hiru ikertzaile hauen ekarpenekin. Ez dugu zertan zerua miatu behar edo haizearen norabidea aztertu, hurrengo egunaren eguraldia nolakoa izango den jakiteko, ziurtasun gehiagorekin jakin dezakegulako eguraldiaren berri telebistara jotzen badugu. Meteorologia eta Klimatologia lagun ditugu eguraldiaren iragarpenak jasotzeko, edo munduaren beroketa globalaren nondik norakoak jakiteko. Baina baita, zoritxarrez, naturarekiko urruntze prozesuan beste pausu bat emateko ere.