Erosketa esperientzia

"Ez dakit zein motatako esperientzia ote den marketin teknikari horiek proposatzen digutena: mistikoa, hil ala bizikoa, psikodelikoa, hilobiaz haratagokoa..."

Duela gutxi arte okindegira hurbiltzen ginenean eguneroko ogia erostera, edo zapata-denda batera zapatak erostera, erosketak egitera joaten ginen, besterik gabe. Baina, itxuraz, oker ginen orduan, zerbait erostera joaten garenean, erosketa esperientzia bat sentitzera goazelako orain marketinaren teknikari manipulatzaileen iritziz. Ez dakit zein motatako esperientzia ote den marketin teknikari horiek proposatzen digutena: mistikoa, hil ala bizikoa, psikodelikoa, hilobiaz haratagokoa...

Duela hamar bat urte Ameriketatik etorri zitzaigun Black Friday moda berriaren garaia izan dugu azaroaren laugarren ostiralean. Azaroaren laugarren ostegunean ospatzen dute amerikarrek Esker Emate eguna, eta hurrengo ostirala da Ostiral Beltza, Ameriketako Estatu Batuetan Gabonetarako erosketak egiteko irteera ematen duen eguna. Kontsumismoaren erresumatik heldu zitzaigun ditxosozko Ostiral Beltza. Hasieran egun bateko merkealdia zena, aste betekoa bihurtu da; atzeraezina den erosketa esperientzia horri eremua zabaltzeko aukera eman behar zaio eta.

"Hasiak dira dendak esaten hobe dugula erosketak aurreratzea jostailu preziatu hori gabe gera gaitezkeelako"

Gabonak gainean ditugu, kontsumoaren garairik garaiena, kontsumotik kontsumismora pausu erreza emateko garaia. Eta salneurrien igoeraren garaia. Aurten, gainera, horniketen zailtasunak direla eta, hasiak dira egonezinak eta larritasunak, beldur etxeko ume gaixoari gustatuko litzaiokeen jostailua iritsiko ote den. Eta, badaezpada ere, hasiak dira dendak esaten hobe dugula erosketak aurreratzea jostailu preziatu hori gabe gera gaitezkeelako. Hil ala biziko kontua balitz bezala. Edo bisiguaren prezioa igoko den beldurrez, hilabete lehenago erosi bizigua, Gabon-gaua bisigurik gabe Gabon-gaua izango ez balitz bezala. Zein lausoa den kontsumoaren eta kontsumismoaren arteko lerro muga!

Beherapenak etorriko dira Gabonak pasa ondoren, eta, berriz ere, erosteko gogoak asetzeko beste aukera bat izango dugu. Lehenengo beherapenak, pare bat aste geroago bigarrenak, hamar egun geroago hirugarrenak... Jo eta ke poltsikoa hustu arte, goza dezagun estasizko erosketa esperientzia!

Marketinaren jokoak, psikologian oinarrituak, desioak suspertzeko eta betearazteko trikimailu sofistikatuak dira batzuetan, ez honenbestekoak besteetan. Pare bat aste supermerkatura joan barik eta hara non, azken egunean  arrautza dozena bat hartu zenuen lekuan , kontserba-latak daude orain; orduan esnea zegoen lekuan, freskagarriak gaur; edariak lehen, gosaltzeko produktuak orain.

Arbuiagarria da, duela hamar bat urte, Ikea dendan pairatu izan behar genuen bezeroenganako errespetu gutxiko sistema: behin dendako zirkuituan sartuz gero, ezin genuen atzera jo, behartuta geunden denda osotik pasatzera. Ez genuen ezer erosi, eta inoiz ez naiz berriz bueltatu. Ezta bueltatuko ere.

Hala ere, marketin estrategiarik sibilinoena irratian seguritate enpresa batek erabiltzen duena da. Bi emakume kalean solasean. Batak besteari galdetzen dio ea ez duen entzun auzoan azken astean gertatutakoa. Bera bizi den kale bereko etxe batean, ugazabak oporretan zeuden bitartean, lapurrak sartu direla, eta izugarrizko triskantza egin omen dutela. Beldur omen daude auzokideak ez delako lehenengo kasua izan, badirelako antzeko gertaera gehiago. Gero eta alarma sistema gehiago ikusten ari dela auzoko etxeetan, eta berak, senarrarekin hitz egin ondoren, oporretara joan aurretik, alarma sistema bat jartzeko asmoa duela, neurririk seguruena eta merkeena delako. Eta, iragarkia amaitu aurretik, noski, seguritate enpresa baten izena eta telefonoa entzungo da. Hona hemen marketinak asmatu duen iragarki maltzurraren eredu paradigmatikoa: aurretik izua erein, urduritasuna zabaldu, seguritate gabeko gizartean biziko bagina bezala, nahiz eta, estatistikek eta txostenek justu kontrakoa adierazi. Iruzur sofistikatu baten bitartez, seguritatea izateko segurtasun-gabezia zabaldu. Ez al dago publizitate mota hau etikaren mugatik beste aldean? Hau ote da erosketa esperientzia?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago