Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Arabako Elikagaien Bankuaren kanpaina dugu abian egun hauetan eta, beraz, gaizki pasatzen ari diren arabarrei elkartasuna adierazteko aukera ezin hobea.

Perretxikoak bezala sortu dira azken urteetan Gobernuz Kanpoko Erakundeak, klasikoek osatzen zuten kopurua (UNICEF, Gurutze Gorria, Caritas...) nabarmen zabalduz. Badira uste dutenak erakunde guzti hauek arazoari errotik heldu beharrean, sistemak sortzen dituen gabeziak, injustiziak eta sufrimenduak estali besterik ez dituztela egiten. Hona, bada, dilema: sistemaren aldaketaren aurka ekin, edo munduan dagoen injustizia eta miseria leuntze aldera erakunde zibilak lagundu eta bultzatu; gobernuek bete beharko lituzketen justiziaren aldeko ekintzak egikaritu ditzaten presionatu, edo, hori gauzatzea zaila dela eta luze joko duela jakinda, mundu zabalean miseria gorrian bizi diren milioika pertsonen sufrimendua leundu.

"Elkartasuna bai, baina elkartasun erosoa, parte hartze zuzenik gabekoa; sobran duzun diruaren bitartez kontzientzia txarraren egonezina zuritzeko bide engainagarria."

Sisteman pentsatzea baino, pertsonengan pentsatzea. Elkartasunaren deia barneratzen zaizu, eta laguntza emateko premia areagotzen. Hala ere, ematen duzun diru puska hori oso laguntza erosoa da, sobran duzunetik ateratakoa; ez duzu zure denbora zuzena ematen, denboraz lanean irabazitakoa baino. Kirola egin beharrean sofatik kirola ikusten duenaren erara, edo protesta kalean egin ordez, plataforma digital bitartez firma sinatzen duenaren modura, ez duzu jarrera eraginkorrik erakusten , sofa-laguntza baino ez da eta ematen duzun dirua. Elkartasuna bai, baina elkartasun erosoa; parte hartze zuzenik gabekoa, sobran duzun diruaren bitartez kontzientzia txarraren egonezina zuritzeko bide engainagarria. ¿Nola jokatu orduan?

Iparrak izan duen eta duen bizimodu oparoa Hegoaren kontura izan da eta jarraitzen du izaten. Espainiar , portugaldar, britaniar edo Herbehereetako Inperioak, kolonietatik ateratako baliabideen bidez eratu ziren. Zorretan gaude ehunka urtetan esplotatuak izan diren herriekin. Non geratu da duela 50 urte nazio aberatsek hartutako konpromisoa beraien Errenta Gordinaren % 0,7 bidez Garapen Bidean zeuden nazioei laguntzeko? Oxfam Intermón erakundeak dionaren arabera, 5 bilioi eurokoa da nazio aberatsek duten zorra Garapen Bidean dauden herriekin orduan hartutako konpromisoa bete ez dutelako. Glasgow hiriko goi-bileran hartutako erabakien artean dago nazio aberatsek herri behartuei urtero 100.000 milioi dolarreko diru laguntza luzatuko dietela trantsizio energetikoa egin dezaten. Kanadak eta Alemaniak artean aurkeztutako txosten baten arabera, 2024. urtera arte ez da konpromiso hori beteko. Jai dute Hegoaldeko herriek herri aberatsen gobernuen benetako laguntza jasoko dutela espero badute.

Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Arabako Elikagaien Bankuak zabaldu du Gabonetako kanpaina, eta, COVID dela eta, janaria baino dirua eskatu du. Araban bertan familia asko dira eguneroko hiru otorduak egitera heltzen ez direnak. Udalen, Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen zain utziko al ditugu gosea pairatzen duten bitartean? Teorian, Gizarte Ongizateko erakunde publikoen aurrekontuetan jasota egon beharko luke beharrak betetzeko adina diru. Baina, zoritxarrez, ez da hala. Eta diru partida horiek zabal daitezen presioa eginda ere, gosaldu gabe jarraituko lukete eskolara joaten hainbat umek gure Gasteiz honetan. Zer egin orduan, kanpainan parte hartu edo erakunde publikoen esku utzi arazoa konpon dezaten familia arabar batzuk gosea nozitzen duten bitartean? Arazo estrukturala dugu aurrean: batetik, ezberdintasuna sortzen duelako sistema ekonomikoak, eta, bestetik, dugun politika fiskalagatik giza zerbitzuei esleitzen zaizkien aurrekontuak ez direlako nahikoak sortzen diren beharrak estaltzeko. Baina baita arazo koiunturalak ere, beste beharren artean, eguneroko hiru jatordu egin gabe familia arabar askok pasatzen dutelako eguna.

Nire iritziz, bada, arazo biei aurre egin beharko genieke batera: berdintasunaren aldeko lana eta arabar askoren eguneroko egoera penagarria leuntzeko laguntza. Arabako Elikagaien Bankuaren kanpaina dugu abian egun hauetan eta, beraz, gaizki pasatzen ari diren arabarrei elkartasuna adierazteko aukera ezin hobea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago