Polemika sortu da Hezkuntza ministerioak Lomle lege berriaren garapena bideratzeko curriculum berrien gaiak argitaratu dituenean. Blog honetan iazko azaroaren 11n aipatzen nuenaren arabera, Hezkuntza sistema nazionalak astunak dira, inertzialak, geldoak, eta zailtasunak ditu gizarteak pairatzen dituen aldaketa sakonei eta azkarrei garaiz erantzuteko. Orduan esandakoa hona ostera ekarriz, zeintzuk izan beharko lirateke oinarriak, zutabeak, abiapuntuak eguneratze eta egokitze hori bideratzeko? Nola eguneratu eta egokitu Hezkuntza sistema nazional astunak eta geldoak egoera aldakor eta berrietara? Hona hemen lehenengo eta hasierako galdera. Ezinezkoa da Hezkuntza sistema bat eraikitzea edo egokitzea galdera horri erantzun zuzena eman aurretik. Eta erantzuna erabat lotua dago norberaren mundu-ikuskerarekin, gizakiaren inguruan duen ikuspuntuarekin, gizarteaz duen ikuspegiarekin, defenditzen duen sistema sozioekonomikoarekin... hau da, norberaren filosofiarekin eta hezkuntza filosofiarekin. Eta curriculuma, hezkuntza sistemaren ardatz egituratzaile garrantzizkoenetako bat den neurrian, hezkuntza filosofia izango du oinarri, filosofia horren adierazle bihurtuz.
Hamalau urterekin amaitzen zen derrigorrezko eskolatzea duela ez urte asko, hamaseira luzatu zen gero, eta hamazortzira arte luzatzea da gaur egungo joera. Gero eta konplexua den gizarte honek gero eta prestakuntza sakonagoa eta zabalagoa eskatzen die belaunaldi berriei. Eta izugarria da eskolak pairatzen duen presioa gizartearen alde guztietatik: PISA frogen emaitzak direla, europar konpetentziak, STEM ( Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematika) bultzatzaileen indarra, enpresen aldekoak...
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen duen hamasei urteko gazte batek gizartean integratzeko beharko dituen konpetentziak hiritar kritiko, parte hartzaile, bere eskubideen eta beharren ezagutzaile eta bere bizimodua bermatzeko gai izan dadin, zeintzuk behar dira izan curriculumaren ezinbesteko edukiak, nahitaezko gaitasunak, beharrezko konpetentziak? Hona hemen galdera potoloa. Derrigorrezko eskolatzea luzatu? Berrantolatu gaur egun indarrean dagoen curriculuma? Zer murriztu, kendu edo sartu? Nola planteatu STEM defendatzaileen eta humanitatearen sustatzaileen arteko oreka?
Badirudi, filosofia eta greko irakasleen iritziz, humanitateak aterako direla galtzaile, ministerioak proposatu duen curriculum berria bide horretatik baitoa. Eta, nire iritziz, ez litzateke hori bide zuzena izango. Filosofia inoiz baino beharrezkoa da bizi dugun garai honetan. Baina ez gure batxilerrean ikasi genuen filosofia, filosofiaren historia buruz ikastera eraman gintuena, baizik eta pentsatzen irakasteko gai izango dena, eguneroko bizitzak eztabaidatzeko eskaintzen dizkigun aukeretatik, filosofoen laguntzaz, kritikoak izatera bultzatuko gaituen filosofia.
Informazio larregi dugu, ez fidagarria askotan, eta faltan daukaguna da irizpide propioa izatea, gure pentsamendu kritikoa galbahetik pasa ondoren, berezko iritzia lortzea. Ezin da gizarte heldua lortu osatzen duten hiritarrak kritikoak ez badira. Eta zein da jakintzaren adarrik egokiena filosofia baino helburu hori lortzeko? Gero eta gizarte teknologikoago batera goaz, eta, adimen artifizialarekin edo bioteknologiarekin eskutik, izugarriak dira aurrean ditugun erronka etikoak. Beraz, bai teknologiari baina baita humanitateei ere. Bat nator, beraz, filosofia eta greko irakasleek azaldu duten ardurarekin zein kexarekin.
Duela egun batzuk, azaroak 13an hain zuzen, Andoni Egañak Berria egunkarian bere estilo alai eta umoretsuan, Pentsatzen titulupean, ironikoki esaten zuenarekin bat etorriz, tximinotik gatoz... eta futbolera goaz.