Emakume baten aurkako erasoa Batan auzoan

Gure Batan auzokide elkarteak deitutako elkarretaratzea. / G.B.

Ez ote dira halako gertaera hauek, Zornotzan errumaniar gazteak jasan zuen erasoa kasu, gure gizarteak duen gaixotasunaren sintoma bat izango?

Oihartzun zabala izan du duela egun gutxi Batan auzoaren inguruan hiruzpalau gaztek emakume bati, bere etxerako bueltan, gaueko iluntasuna eta inor ez zegoela inguruan aprobetxatuz, emandako jipoiak. Zoritxarrez, ez da lehenengo kasua emakume batek antzeko erasoa pairatzen duela, baina Batan kasuak baditu bi ñabardura berezi: batetik, erasotzaileen adina, nerabeak omen direlako, eta, bestetik, oldarraren zioa.

Beste kasuetan, indarkeriazko ekintzaren partaideak adin ezberdinetako gazteak izaten dira, nerabeak barne, baina ez nerabez bakarrik osatutako kuadrilla batean antolatuak. Eta biktimak deklaratu duenez, nerabeen helburua ez zen, zoritxarrez ohikoa izaten denez, lapurreta edo agresio sexuala, baizik eta, besterik gabe, jipoia ematea, "duzun aurpegi polit hori apurtzea", astinaldia hasi aurretik emakumeari esan ziotenez. Sinestezina eta ulertezina izan arren, gertatu da. Zaila da nerabe hauen buruan jartzea, zeintzuk diren halako portaera izateko arrazoiak edo ez arrazoiak, nola heldu daitekeen halako etika eta errespetu gabeko ekintza arbuiagarria egitera; mina egin mina egiteagatik besterik gabe; hurkoaren beldurra eta oinazea jolas dibertigarria bihurtzeko joko doilorra; agerian uzten duten bihozgabekeria eta enpatia eza; adierazten duten koldarkeria taldearen babesean gai sentitzen direlako bakarrik ausartuko ez ziren gaiztakeriak egiteko.

Ez dakit psikologoek edo soziologoek izango duten azalpenik nerabe hauen joera argitzeko. Jakin behar beraien biografia laburra zein bidetik joan den, familien egoera, jaso egin duten hezkuntza familian eta eskolan, izan dituzten lagunak, sare sozialekin izandako harremanak... Gizartearen aurkako erantzun bortitza agian? Nerabe arruntek egoera normalizatuetan autoafirmazioa lortzeko gai izan ez direlako edo aukerarik izan ez dutelako, autoafirmaziorako ordezko bide okertua akaso? Jolas hutsa edo gizartearen aurkako mendeku sinbolikoa? Bistakoa da halako jokaerak ezin direla bihurrikeritzat hartu, gertaera larri eta arbuiagarri baten aurrean gaudelako. Hala ere, zaila da jakitea erruaren zein zati leporatu adingabeko erasotzaileei, eta zein zati gizarteari. Hamasei edo hamazazpi urteko nerabea ez da umetxoa, badaki okerraren eta zuzenaren arteko aldea bereizten, eta, beraz, egiten duenaren arduraduna izan beharko luke. Baina, bestalde, egia da ere, maiz suertatzen denez, beraien bizitza laburrean onerako aukera gutxi izan dutela, eta, aldiz, zoritxarrez, asko txarrerako.

Ez da erraza erasoa jasan duen emakumearen buruan jartzea, jipoia jaso zuen momentuko egoera latza, beldurrez eta ziurgabetasunez osatua, bera bakarrik lau ganoragabe basapiztien esku, inongo laguntzarik gabe mehatxuak, irainak eta kolpeak pairatzen zituen bitartean. Eta bere bizitza osorako iraungo duten oroitzapen eta irudi mingarriak.

Ez da ere erraza izango gaizkile hauek harrapatzea eta harro ibiliko dira beste antzeko ekintzaren bat egiteko. Eta, bitartean, zabaldua zegoen beldurra indartu egingo da hiritarren artean, emakumeengan bereziki, gauean leku bakartiak saihestera behartuak, eta, beste behin gehiago mugimendu askatasuna murriztera derrigortuak. Ez ote dira halako gertaera hauek, Zornotzan errumaniar gazteak jasan zuen erasoa kasu, gure gizarteak duen gaixotasunaren beste sintoma bat izango?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago